Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Espetxera bidali dute asteburuan Gasteizen emaztea sastatu zuen gizona

Gizonak buruan zauritu zuen bikotekidea labanarekin, eta gero bi urteko semearekin etxean giltzapetu zen.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko larunbatean emaztea sastatzeagatik Gasteizen atxilotu zuten 39 urteko gizonezkoa espetxera bidali dute.

Udaltzaingoak jakitera eman duenez, atxilotua epailearen esku utzi dute egun eta erdiz komisaldegian egon ostean, eta horrek agindu du Zaballako espetxera eramatea.

Eraso matxista Iparralde gizarte-etxearen inguruetan gertatu zen. Konkretuki, Errege-Erregina Katolikoen kaleko etxebizitza batean.

Udaltzaingoak jakitera eman zuenez, gertakariak 18:40 aldera jazo ziren. Biktimak larrialdi zerbitzuei abisua eman zien, etxetik ihes egitea lortu ondoren. Gizonak arma zuri batekin zauriak egin zizkiola jakinarazi zuen emakumeak.

Erasotzailea etxe barruan poliziei eusten saiatu zen, bikotearen bi urteko semea barruan zegoela. Hasiera batean, udaltzainak ezin izan ziren sartu, eta Ertzaintzari laguntza eskatu behar izan zioten, atea botatzeko.

Suhiltzaileak, osasun langileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu ziren, eta azkenean etxean sartu eta erasotzailea atxilotu zuten.

Bestalde, biktima osasun zentro batera eraman behar izan zuten, buruan eta eskuan zauriak zituelako.

-------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak emakumeak Indarkeria matxista Espainian Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Tratu txarren biktimentzako gida