Gizartea -
Elkarrizketa ETBn
Mendia: 'Euskadin EAJ ari da Espainiako Gobernuko ordezkari lanetan'
Bilduri dagokionez, "aldundietan sortzen diren gobernuek proiektu handiak bultzatzeko beharra" dutela esan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Erredakzioa
Idoia Mendia Justizia sailburuak eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez, "Euskadin EAJ da Espainiako Gobernuko ordezkari lanetan ari den alderdia". Adierazpen horiek euskal eskumenen harira egin ditu, eta konkretuki, Iñigo Urkulluren alderdiaren eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuaren negoziazioen inguruan.
Horren harian, PSE-EE, "erabakiak hartzeko garaian", Madrileko Gobernuaren aginduak jarraitzen ez dituela nabarmendu du, "alderdi autonomoa" delako.
Patxi Lopezen Gobernuko bozeramailea ere Bildu eta Gipuzkoako Aldundiaren inguruan aritu da. Mendiaren ustez, "aldundietan sortzen diren gobernuek martxan dauden proiektu handiak bultzatzeko beharra dute".
Gai horri lotuta, euskal aurrezki kutxen bat-egitea aipatu du. Bilduk proiektu horri hainbat arazo ikusten dizkiola adierazi du aurreko egunetan, baina Mendiaren ustez, "kutxen bategitea nahitaezkoa da, eta lehenbailehen egin beharreko kontua. Aurrera ateratzen ez bada, atzerapausoa izango da".
Hauteskundeetako emaitzen inguruan galdetuta, Exekutiboko bozeramaileak adierazi duenez, Urkullu ez da inor Patxi Lopezen dimisioa eskatzeko, izan ere, "EAJren presidentea denetik, porrotak bata bestearen atzean izan ditu".
Gainera, hauteskundeen ostean "EAJ bizkaitarrentzako alderdia bihurtu da", esan du Mendiak, jeltzaleek beste bi lurraldeetan lortutako ordezkaritza "txikia" dela uste duelako.
Erronka nagusia, lanbabezia
Eusko Jaurlaritzak legealdian dituen erronkei dagokienez, helburu nagusia langabeziari aurre egitea dela esan du Idoia Mendiak. Azkengo datuak "bereziki onak" direla gaineratu du.