Gizartea -

Europako Batzordea

Pepinoen krisian EBk 'mantsoegi' jokatu duela salatu du Zapaterok

Espainiako presidenteak azalpenak eta konponketa bat eskatu du salmenten beherakada dela eta. Errusiak, bere aldetik, Europar Batasuneko barazkien inportazioa debekatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordea

Pepinoen krisian EBk ‘mantsoegi’ jokatu duela salatu du Zapaterok

Espainiako presidenteak azalpenak eta konponketa bat eskatu du salmenten beherakada dela eta. Errusiak, bere aldetik, Europar Batasuneko barazkien inportazioa debekatu du.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Europako Batzordeak eta Alemaniako agintariek pepinoen krisian izan duten jarrera salatu du eta "azalpen argiak" eta "konponketa" exijituko dituela jakinarazi du.

Zapaterok RNEn egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Gobernuak "azkar" erantzun dio krisiari, beraz, PPk egindako kritikak "erabat injustuak" direla esan du.

Gobernuburuak uste du Europako Batzordeak krisiari eman dion erantzuna "mantsoegia" izan dela, "irmotasun eta azkartasun handiagoz" jokatu behar zuelako Hamburgeko agintariek infekzioaren jatorria Espainiakoa zela ukatu zuten momentutik aurrera.

Orain, Gobernuaren helburua "egindako kaltearen konponketa exijitzea" izango omen da, "larria" izan baita egoera. Hala ere, ez du argitu konponketa Europari edo Alemaniari eskatuko ote dioten.

Errusiak debekatu egin du barazkien inportazioa

Errusiak, bere aldetik, Europar Batasunetik iritsitako barazkien inportazioa debekatu du infekzioa zabaltzen ari dela ikusita.

"Gaurtik aurrera Europar Batasuneko barazkien inportazioa debekatuta egongo da. Europar Batasunean ekoizten diren barazkiek Errusia osoko merkatutik kenduko ditugu", adierazi du Guennadi Onishenko osasun arloko buruak.

Onishenkok azaldu duenez, Alemanian infekzioak jota 16 pertsona hil izanak agerian uzten du "hain goraipatua izan den Europako osasun araudiak ez duela funtzionatzen, eta gero Errusiari esaten diote araudia bere egiteko".

Donostiako gaixoak larri jarraitzen du

Donostia Ospitalean zaintza intentsiboko unitatean ingresatuta dagoen gipuzkoarrak larri jarraitzen duela adierazi du Rafael Bengoa Osasun sailburuak eta "itxura guztien arabera" E. coli bakterioak sortutako infekzioa duela esan du.

Hala ere, osasun sailburuak esan duenez, litekeena da laborategiko emaitzek berriro negatibo ematea gaixoa antibiotikoak hartzen ari delako eta horrek pairatzen duena estali dezakelako.

Gaixoari E. coli bakterioaren infekzioa atzemateko egindako analisiek negatibo eman zuten atzo, baina medikuek ez dute baztertzen hesteetako kaltea eragiten duen gaixotasunak jota egotea.

Osasun arloko iturrien arabera, froga mikrobiologikoaren emaitza ez da erabakigarria, antibiotikoek gaixotasuna estali baitezake, Europan aztertu dituzten 398 kasutatik % 48tan hala gertatu da.

Pepinoen inguruan ezarritako alerta "datozen orduetan" erretiratuko dela uste du Espainiako Gobernuak.

Europar Batasunak pepinoen inguruan ezarritako osasun alerta bertan behera utzi du, egindako azterketen emaitzek pepinoak "erabat garbiak" direla egiaztatu eta gero.

Bihar erkidegoetako Nekazaritza kontseilariak Rosa Aguilar ministroarekin bilduko dira jasandako kalteen nondik norakoak aztertzeko.

Alemaniak egindako kudeaketa defendatzen jarraitzen du

Ilse Aigner Alemaniako Nekazaritza eta Kontsumitzaileen Babeserako ministroak Hanburgoko agintariek egindako kudeaketa defendatu du. Espainiako pepinoetan "eragile patogeno bat" atzeman zutela adierazi du eta horregatik ohartarazi zutela pepino horiek kontsumitzeak zuen arriskuaz.

Halaber, pepino, letxuga eta tomateen kontsumoaren inguruko alertak indarrean jarraitzen duela adierazi du, E. Coli bakterioak sortutako infekzioaren jatorria oraindik ez dutelako atzeman.

Berak zuzentzen duen ministerioaren lehentasuna pertsonak direla azpimarratu du Ilse Aigenerrek Parlamentuko Nekazaritza eta Kontsumitzaileen Babeserako batzordearekin bildu aurretik.

Kutsaduraren jatorria topatzeko eskatu dio Bruselak Alemariari

John Dalli Osasunerako eta Kontsumitzaileen Babeserako europako komisarioak kutsaduraren jatorria zein den topatzeko "ahaleginak indartzeko" eskatu die Alemaniako agintariei.

"Europar Batasuneko kideei, Alemaniari batik bat, egoera honi aurre egiteko ahaleginak indartzeko eskatzen diet", adierazi du Bruselan emandako elkarrizketa batean.

Alemaniak E coli bakterioa ez zela Espainiako pepinoen bitartez zabaldu aitortu zuen atzo, baina oraindik ez du kutsaduraren jatorriarekin jo.

Bitartean, komisarioak "lasaitasuna" eskatu du eta Espainiako barazki eta fruituen salerosketa blokeatzeko neurriak "neurrigabeak" direla azpimarratu du, kutsaduraren "gunea Hanburgon dagoelako", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea