Gizartea -
Indarkeria matxista
Diana Querren aita atxilotu dute, emazte ohia harrapatzen saiatzeagatik
Madrilen atxilotu dute Juan Carlos Quer, baina gero epaileak libre utzi du. Hilaren 29an hasiko da epaiketa gaztearen hilketagatik; 2016an, 'El Chicle'k erail zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Carlos Quer, alegia, 2016ko abuztuan El Chicle ezizenekoak erail zuen Diana 18 urteko gaztearen aita, atxilotu egin du Guardia Zibilak, asteazken honetan, Madrilen, Diana Lopez Pinel emazte ohia etxebizitzako garajean harrapatzen saiatzeagatik. Atxilotua epailearen esku utzi dute, baina dagoeneko libre dago, eta epaileak ez du onartu emazteak eskatutako urruntze agindua. Dena dela, harrapaketa saiakera ikertzekotan geratu da.
Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, atxiloketa Pinelek Majadahondako Guardia Zibilaren kuartelean astearte honetan aurkeztutako salaketaren ondorioz egin dute.
Iturri horien arabera, salaketak dio Quer emazte ohia harrapatzen saiatu zela; biktimak, halaber, lesio-agiri bat erantsi du, eta bertan islatuta dago kolpe bana jasan zuela masailalbo-hezurrean eta eskumuturrean.
Guardia Zibilaren iturriek baieztatu dute Diana Querren aita atxilotu dutela, eta aipatutako madrildar udalerriko Institutu Armatuko bulegoetara eraman dutela.
Epaiketa, hilaren 29an
Atxiloketa Diana Querren hilketaren epaiketa hasi baino egun batzuk lehenago egin dute; izan ere, hilaren 29an ekingo diote epaiketari, Fontiñaseko Epaitegietan, Santiagon egoitza duen Coruñako Auzitegi Probintzialaren Seigarren Sekzioak erabaki duenez.
Gaztearen arrastoa 2016ko abuztuaren 22an galdu zen, A Pobra do Caramiñal herriko jaietan. Krimenaren akusatu bakarra den Jose Enrique Abuin Gey El Chicleri ondorengo delituak egozten zaizkie: hilketa, sexu-erasoa eta legez kanpoko atxiloketa. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatuko dute.