Gizartea -
Barietate berria da
Zientzialariek 'E. Coli' bakterioaren genoma identifikatu dute
Bakterio hilgarria berria dela ohartarazi du Munduko Osasun Erakundeak. Gaur arte, 17 pertsona hil dira Alemania bakterio horren erruz eta dagoeneko 1.500dik gora dira kutsatuta daudenak.
Erredakzioa
Dagoeneko 17 lagun hil dituen infekzioaren jatorria E. coli bakterioaren aldaera berri batean dago, haren genoma argitu duten zientzialari alemaniarrek jakinarazi dutenez.
Eppendorf Hanburgoko klinika unibertsitariotik jakinarazi dutenez, bakterioaren barietate arruntenaren "ahaide txikia" da agentea.
Genoman, Holger Rohde irakaslearen hitzetan, bakterioaren agente ezagunak aurkitu dituzte, baita orain arte erabat ezezagunak ziren beste batzuk ere.
Elementu horiek bat egitearen ondorioz bakterio oso agresiboa sortu da, hesteetan ohi baino denbora gehiago egoten dena. Ondorioz, kalte handiagoa egiten du eta askoz denbora gehiago behar da sintomak arintzeko; heriotza ere eragin dezake.
Halaber, zientzialari horien arabera, genoma identifikatu izanak ez du berehala ekarriko bakterioak eragindako osasun krisiaren konponbidea. Izan ere, baliteke hainbat aste behar izatea emaitzak interpretatzeko.
Bakterio hilgarri berria
Munduko Osasun Erakundeak jakitera eman duenez, Alemania jotzen ari den bakterio hilgarria, E. Coli, andui berri bat da, orain arte ez zuten haren berri.
Aipatu erakundeak egindako ikerketek agerian uzten omen dute andui berri hori bi E. Col bakterioren mutazioa dela, eta horietako batek gene hilgarriak dituela.
Pajin: "Gobernuak arduraz eta zorroztasunez jokatu du"
Osasun ministroaren esanetan, Gobernuak ez-ohiko batzarra eskatuko du Bruselan, Espainiako nekazariei "eragindako kalte handiaren ostean” kalte-ordainak ematea eskatzeko.
Halaber, Espainiako produktuen alde egitea eta balioa ematea eskatuko dute bilera horretan; horrez gain, alerta sistemako protokoloa aztertzeko eskatuko dute, hobetzeko.