Gizartea -
Donostia
Aldaketak egingo dituzte Urrezko Danborra aukeratzeko prozesuan
Lehen aldaketa sariduna aukeratzeko bozketa-sistemari dagokio. Izan ere, aurrerantzean, gehienez ere hiru finalistak parte hartuko dute prozesu honetan.
Agentziak | Erredakzioa
Urrezko Danborra aukeratzeko prozesuan aldaketak egitea erabaki du Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Ildo horretatik, herritarren parte-hartzeak prozesuaren "muina" izaten jarraituko du, baina udalbatzaren gehiengo zabal batek hala ikusten badu, hautagai bati "zuzenean eman ahal izango zaio" saria.
Eneko Goia Donostiako alkateak ohar batean azaldu duenez, "aukeraketa modua ia bere horretan mantenduko da, baina azken bi urteetan Urrezko Danborra emateko prozesua ikusita, bi hobekuntza egingo dira".
Lehen aldaketa, sariduna aukeratzeko bozketa-sistemari dagokio; izan ere, aurrerantzean, gehienez hiru izango dira prozesu honetan parte hartuko duten finalistak.
Gainera, Bozeramaileen Batzordeak erabaki duenez, finalistak aukeratzeko unean "gehiengo zabala" badago (udalbatzaren ordezkaritza zainduz, kideen bi herenek osatzen dute), Urrezko Danborra horietako hautagaitza bati zuzenean eman ahal izango dio Bozeramaileen Batzordeak.
Udalak iragarri duenez, azaroan hasiko da 2020ko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua, eta, ohi den bezala, herritarrek haien proposamenak egiteko aukera izango dute.
Alabaina, Danborradaren harira antolatzen diren ekitaldietan aldaketa gehiago ere izango dira; izan ere, Easo Ederra izenarekin ezaguna den pertsonaia bost urte barru desagertuko da haurren danborradatik, eskoletako ordezkariek horrela erabaki ondoren.