Gizartea -
Kanpaina
Hondakinak edukiontzietan nola uzten diren zainduko du Gasteizek
Urriaren 14an, astelehenarekin, Udaltzaingoak kanpaina abiatuko du, besteak beste, "zikinkeria eta kiratsa" sortzen dituzten "gizalegearen kontrako portaerak" zuzentzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 14an, astelehenarekin, Gasteizko Udaltzaingoak kanpaina bat jarriko du abian, hondakinak hiriko edukiontzietan egoki uzten diren zaintzea eta kontrolatzea xede. Zikinkeria eta kiratsa sortzeaz gain, ingurumen-kostu handia duten gizalegearen kanpoko portaerak zuzentzea da helburua; besteak beste, zaborra edukiontzietatik eta bilketa pneumatikorako ahoetatik kanpo uzteak horrelakoak sortzen dituzte.
Ingurumen Ataleko agenteak arduratuko dira ikuskatzeaz, kale-jantzian, polizia patruilen laguntzarekin, udal-ordenantzak betearazteko. Horien arabera, hondakinak edukiontzien barruan utzi behar dira, eta debekatuta dago etxeko tresnak eta altzariak kalean uztea, horretarako ezarritako prozedura bete ezean (hau da, 21:00etatik aurrera, eta aldez aurretik FCCri jakinarazita). Animaliei kalean jaten ematea ere debekatuta dago.
Udal-araudiaren arabera, orobat, ostalaritza-establezimenduetako terrazak higiene, garbitasun eta segurtasun egoera egokian eduki behar dira, eta horri ere erreparatuko diote udaltzainek.
"Hondakinak behar ez diren lekuetan ez uztea zainduko dugu. Auzoz auzo egingo ditugu kontrolak, eta hiri osora zabalduko dira. Jokabide ezegoki horiek zuzendu nahi ditugu, osasungaitzak direlako, kaleak zikintzen dituztelako eta enbarazu handia sortzen dutelako", azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutierrezek.
Plangintza eta Kudeaketako Zerbitzuak ere hartuko du parte kanpainan, hura arduratzen baita zigor-dosierrak tramitatzeaz.