Gizartea -
Euskal Autonomia Erkidegoan
Osakidetzak abiatu du gripearen aurkako txertaketa-kanpaina
Sei aste iraungo du, eta, horretarako, 400.000 dosi baino gehiago erosi ditu. Berrikuntza gisa, aurten maskarak ere emango dituzte.
eitb.eus
Osakidetzak gaur, astelehena, abiatu du gripearen aurkako txertaketa-kanpaina. Sei aste iraungo du, eta, horretarako, 400.000 dosi baino gehiago erosi dituzte. Berrikuntza gisa, aurten babesteko maskarak jarri dituzte Larrialdietako eta Etengabeko Arreta Guneetako itxarongeletan.
'Txertoa jartzeko unea da, eta badakizu' lelopean egingo den kanpaina ostegunean aurkeztu zuten, Bilbon, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak eta Enrique Peiró Osakidetzako Osasun Publikoaren eta Pazientearen Segurtasunerako Programen koordinatzaileak.
Txertoa jartzea gaixotasun horri aurre egiteko “prebentzio-neurri nagusia” dela esan zuen Osasun sailburuak, eta, hori dela eta, gripearen aurkako txertoa jartzeko eskatu zien 65 urtetik gorakoei, haurdun dauden emakumeei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei, horien egoerak okerrera egin ez dezan. Halaber, osasun arloko langileei ere aholkatu die hartzeko; besteak beste, zahar egoitzetako langileei edo arrisku-taldeetako pertsonen zaintzaileei.
Maskarak osasun-zentroetan
Berrikuntza gisa, eta gaixotasunaren transmisioa eteteko asmoz, maskarak banatuko dira ospitaleetako Larrialdietako eta Etengabeko Arreta Guneetako itxarongeletan.
Maskara horien ondoan, kartel bat egongo da, herritarrei gogorarazteko oso garrantzitsua dela eskuetako higienea izatea eta maskara erabiltzea, sintomak izanez gero. Aurrerago, osasun-zentroetako itxarongeletan ere jarriko dituzte.
Zer da gripea?
Gripea gaixotasun infekzioso bat da, eta birus batek eragiten du. Gainera, oso azkar zabaltzen da, kutsakortasun-maila handia baitu. Oro har, izaera kliniko onbera eta mugatua du, biztanleria-talde batzuetan izan ezik, konplikazioak eragin baititzake horietan.
Horregatik, Osasun Sailak 400.000 dosi baino gehiago eskuratu ditu kanpaina honetarako. Dena dela, kopuru hori handi daiteke, beharrezkoa bada. Horretarako, 1,4 milioi euro bideratu dira, aurreko kanpainan baino % 16 gehiago.
Iaz, gripea zuten 1.662 pertsona ospitaleratu zituzten, eta horietako 435 larri egon ziren. Guztira, 79 pertsona hil ziren iaz gripearen eraginez.