Gizartea -
Froga epea bitartean
Ordiziako N-1eko tarteko radarrak % 33 gutxitu du ezbehar-kopurua
N-1 errepideko 421 eta 440 kilometroen artean probetan izan den bi hilabeteetan 2.000 arau-hauste atzeman ditu.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak N-1 errepideko 421 eta 440 kilometro-puntuen artean (Ordizia eta Irura artean, Frantziako noranzkoan) jarri duen “tarteko radarrak” % 33 gutxitu ditu ezbehar-kopuruak. Proba moduan martxan izan den bi hilabeteetan, 2.178 arau-hauste atzeman ditu, baina Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez, ez dituzte gidariak zigortuko, sistema probak egiten egon baita.
Trafiko Zuzendaritzaren arabera, radarra martxan jarri denetik "zirkulazioaren baldintzak eta arintasuna nabarmen hobetu dira tarte horretan". Hori dela eta, eta bi hilabetez probak egiten aritu ondoren, horren balantzea "oso ona" da.
Radarra astearte gauerdian jarriko dute martxan. Martxan jartze horren berri zabalduta, eta bide horretan bertan (tartea iritsi aurretik zein tartean bertan) radarraren berri ematen duten seinale guztiak jarrita, gidari guztiei horren berri eman nahi diete, radar hori bertan dagoela jakinda gidari guztiak gehienezko abiadura mugak errespetatuta joan daitezen. Erabiltzaile guztion segurtasuna arriskuan jartzen duten arau-hausteak ahal bezainbeste murriztuko dira horrela.
N-1 errepidean jarritako tarteko radar honek sistema berritzailea darabil. Estatuan jarritako lehenengoetakoa da eta aire zabalean jarri duten lehenengoa. Adituek diotenez, radar berri hauek orain artekoak ordezkatuko dituzte apurka-apurka. Horiekin alderatuta, radar honek tarte batean batez besteko abiadura neurtzen du. Horrek zirkulaziorako jokaera arriskutsu diren asko saihestea ekarriko du, radar batera hurbiltzean bat-batean abiadura gutxitzea edo maniobra arraroak egitea, esaterako.