Gizartea -
DBE
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta 'irisgarriagoa' izateko manifestazioa Bilbon
1.000 lagunetik gora bildu dira Bilbon Eusko Jaurlaritzari DBE irisgarriago bat eskatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
1.000 lagun inguru bildu dira Bilbon Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunean Eusko Jaurlaritzari Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) irisgarriago bat exijitzeko egun bizi den pobrezia egoerari aurre egiteko.
Pobreziaren aurkako Eguna dela-eta, hainbat kolektibo, sindikatu eta hirugarren sektoreko sarek manifestazioa deitu dute Bizkaiko hiriburuan EAEn ere "pobrezia badela" esateko eta Eusko Jaurlaritzari DBE hobetzea eskatzeko, behar duten pertsona guztiak babesteko.
Manifestazioa deitu dutenen artean, Argilan ESK, Etxeko Langileen Bizkaiko Elkartea, Berri-Otxoak, Elkartzen, Munduko Emakumeak eta SOS Arrazakeria elkarteak zeuden, CCOO, UGT, LSB-USO, Steilas, ESK, CGT eta CNT sindikatuekin batera. Pobrezia eta Giza Bazterketaren aurkako Europar Sarea (EAPN), Gizatea (Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea), Hirekin (Euskadiko Gizarte Ekimeneko eta Esku Hartzeko Entitateen Federazioa) eta Euskadiko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea ere izan dira horretan laguntzen.
"Pobrezia, giza eskubideen arazo. DBE murrizketarik ez" leloa zuen pankarta baten atzetik, manifestazioan joan dira Moyua plazan hasi eta Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaraino.
Manifestaziora batu dira UGT-Euskadiko idazkari nagusi Raul Arza eta Bilboko Udaleko zinegotzi Bruno Zubizarreta (EH Bildu) eta Ana Viñals, Carmen Muñoz eta Xabier Jimenez (Elkarrekin Podemos).
"Lege berri bat" eskatu dute
Marta Saenz EAPN elkarteko kidearen esanetan, "DBEk ez die erantzuten gaur egun EAEn dauden benetako premiei", eta, hori dela eta, "hobekuntzak" eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari "pertsona guztiak kontuan izango dituen sistema inklusiboago bat" lortzeko.
Gasteizko gobernuak proposamen onenak kontuan izan ezean, DBE erreformatzeko lege-proposamena "erretiratu" egin beharko lukeela eta "lege berri bat" egiteko lanean hasi beharko litzatekeela esan du Saenzek.
Kolektibo horiek DBE "irisgarriagoa" eskatu dute, eta laguntza eskatzeko erroldatuta eman behar den epea laburtzeko, bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona guztiak kontuan izateko eta DBE kalkulatzeko koefizientea aldatzeko.
Elkarte horien esanetan, DBE jasotzeko prozedura "nahiko zurruna" da.
Marta Saenzen arabera, EAEn 192.000 pertsona bizi dira gizarte bazterketa jasateko arriskuan, horien % 30ek "ez dute DBE jasotzen eta sistematik kanpo geratzen dira" eta laguntza jasotzen dutenen erdia ez da pobreziatik ateratzen. EAEn 172.000 pertsona 500 euroko soldatarekin bizi direla gaineratu du.
Horren hitzetan, emakumeak, guraso bakarreko familiak eta 45 urtetik gorakoak zein gazteak askotan "ezkutuko pobrezia-egoeran" bizi dira, eta EAEn gizarte-talde handia osatzen dute pobrezia eta gizarte bazterketari dagokionez.