Gizartea -
Ikerketa
Saturnoko zazpi hilabetera arteko ekaitzak ikertu ditu EHUko talde batek
EHUko Zientzia Planetarioetako Taldeko hainbat zientzialarik egindako ikerketa bat argitaratu du 'Nature Astronomy' aldizkariak; bertan, egileek planeta horretako ekaitzak aztertu dituzte.
EiTB.EUS
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioetako Taldeko hainbat zientzialariek Saturnoko ipar poloko ekaitzen gaineko ikerketa argitaratu dute, Nature Astronomy aldizkari zientifikoan; ikertzaileek zazpi hilabetera arteko ekaitzak ikertu dituzte, EHUk ohar batean jakinarazi duenez.
Artikuluak 'A complex storm system in Saturn’s north polar atmosphere in 2018' du izenburu; Agustin Sanchez Lavega irakasleak zuzendu du ikertzaileen taldea, eta ondorengo zientzialariak ere daude bertan: Jon Legarreta, Ricardo Hueso, Teresa del Rio Gaztelurrutia eta Santiago Perez. Gainera, zenbait herrialdetako ikertzaileren laguntza ere izan dute.
Hala, EHUk zehaztu duenez, astronomo brasildar amateur batek ikusi zuen lehen aldiz, 2018ko martxoaren 29an, orban zuri distiratsu bat Saturno planetaren diskoan, ipar polotik gertu. Egun gutxi batzuen buruan, orbana hazi egin zen, eta 4.000 kilometroko luzera hartu zuen. Horrela, planeta eraztundunaren diskoko ezaugarri nagusia bihurtu zen. Bi hilabete inguru geroago, beste orban bat agertu zen iparralderago eta, ondoko hilabeteetan, baita hirugarren eta laugarren orbanak ere, ipar polotik askoz gertuago, Saturnoko hexagono ezagunaren mugan bertan. Behaketetan inoiz ez zen halakorik ikusi ordura arte.
Orbanak desplazatu egin ziren hilabete horietan, abiadura desberdinean, Saturnon ekialdera eta mendebaldera doazen jet korronte atmosferikoek bultzatuta. Horien indarra latitudearen araberakoa da. Lehen orbana, hegorago zegoena, 220 km/h-ko abiaduran mugitzen zen ekialderantz; iparrerago zegoena, aldiz, 20 km/h-ko abiaduran desplazatzen zen mendebalderantz. Horren ondorioz, elkarrekin topo egin, elkarren albotik igaro eta elkarri eragiten zioten, eta perturbazio atmosferikoak sortu, zeinak Saturnoko ipar polo osora zabaldu baitziren.
Orbanen ezaugarriei erreparatuta, badirudi konbekzioz sortzen direla beheko ur hodeietan, ikusten diren hodeien azpitik 200 km ingurura. Gas heze eta beroak bizkor egiten du gora Saturnoko hidrogenozko atmosfera arinean, eta teleskopioz ikusten ditugun amoniakozko hodei dentsoak sortzen dira. "Lehen aldiz ikusi dugu horrelako fenomeno bat: hainbat ekaitz latitude desberdinetan. Orain arte ekaitz txiki isolatuak bakarrik ikusi ditugu, edo Orban Zuri Handi deritzen ezohiko ekaitz erraldoiak", dio azterlana zuzendu duen Sanchez Lavega irakasleak. Harrigarria bada ere, lehen ekaitza zurrunbilo zikloniko baten barnean sortu zen, aurkikuntzaren aurretik Cassini espazio ontziak, suntsitu baino lehen, lortu zituen irudien azterketaren bidez ondorioztatu denez.
Iraupen eta intentsitate handiko ekaitzak
Ekaitz horien simulazioak egiteko sortu diren ereduen arabera, ekaitz txikiek baino energia gehiago eta erraldoiek baino energia gutxiago dute, baina ez dakigu zer mekanismok ahalbidetzen duen latitude desberdinetan sortzea eta, batik bat, nola irauten duten horrenbeste. "Lurrean, gisa horretako ekaitzek egun batzuez iraun dezakete asko jota; Saturnon, ordea, lehen orbana zazpi hilabetean baino gehiagoan egon zen aktibo", dio Sanchez Lavegak. Gainera, ekaitz berriak, ipar hemisferioan baino ez dira behatu (ez dira inoiz ikusi hego hemisferioan), Orban Zuri Handiak bezala, eta sortu ere badirudi horien antzeko erritmoan sortzen direla: bat 30 edo 60 urtean behin.
Saturno, gainerako planeta atmosferadunak bezalaxe, laborategi natural bat da. Bertan, gure planetan ere gertatzen diren fenomeno meteorologikoak azter ditzakegu eta horiek azaldu eta aurreikusteko modeloak probatu ditzakegu, muturreko egoeretan.
Azterlana egiteko nazioarteko eragile askoren arteko lankidetza izan du taldeak: Cassini misio espaziala, planetaren orbitan izan zena 2017ko irailera arte; Hubble espazio teleskopioa, Calar Altoko behatokian instalatuta dagoen UPV/EHUren PlanetCam kamera eta behatzaile amateurren sare handi bat, haien irudiek asko lagundu baitute fenomenoaren eguneroko bilakaera jarraitzen.