Gizartea -

Denboralea

Pertsona bat hil da eta bost desagertuta daude Katalunian, euri denboralea dela eta

Gizonezko baten gorpua topatu dute goizean Caldes d'Estrac hondartzan (Bartzelona). Horrez gain, emakume baten eta semearen bila ari dira Vilaverden (Tarragona).

Tornado batek kalteak egin zituen Sant Antonin (Eivissa). ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Tornado batek kalteak egin zituen Eivissako Sant Antoni herrian.
Denboraleak hainbat pertsona desagertuta eta kalte materialak utzi ditu Katalunian

0:53

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat hil da eta bost desagertuta daude Katalunian, azken orduetan izandako eurite gogorren ondorioz, Kataluniako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Denboralea dela eta, alarma gorrian dago Katalunia.

Larrialdi zerbitzuek gizonezko baten gorpua topatu dute goizean Caldes d'Estrac (Bartzelona), eta hura identifikatzeko lanetan daude jada. Dena dela, hipotesi nagusia da atzo Arenys de Munt herrian (Bartzelona) desagertutako 70 urteko gizona izatea. Josep Sanchez alkateak Catalunya Radiori esan dionez, gizona autoa mugitzera atera zen eta urak eraman zuen.

Horrez gain, bost herritarren bila ari dira. Generalitateko Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, larrialdi zerbitzuak kamioizale belgikar bat bilatzen ari dira, Francoli ibaian, L'Espluga Francolin (Tarragona) bere ibilgailua aurkitu ostean.

Vilaverdeko (Tarragona) bungalo batean zeuden ama-semeak dira desagertutako beste bi. Atzoko 22:47tik ez da haien berririk, Kataluniako suhiltzaileek zehaztu dutenez.

Halaber, L ‘Espluga de Francolin udalerrian ere bi pertsonen bila ari dira. Antza denez, auto baten barruan zeuden desagertu zirenean.

Erreskate taldeek auto bat iraulita aurkitu dute Francoli ibaian, L 'Espluga udalerrian, eta, ondorioz, suhiltzaileak eta Esquadra Mossoak lanean ari ziren barruan bidaiaririk ba ote zegoen jakiteko.

Gainera, 7 urteko neskato bat eta 35 urteko emakume bat zauritu dira Gualbako kanpin batean (Bartzelona). Bertan, euri-jasek karabana batzuk arrastaka eraman dituzte.

Hala, Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilaria eta Quim Torra Generalitateko presidentea azken orduetako euriteen ondorioz kaltetu diren lekuetara joango dira gaur, Kataluniako Parlamentuan egingo duten kontrol saioaren ostean, larrialdi zerbitzuen lanak tokian bertatik jarraitzeko asmoz.

"Denboraleak utzitako egoerak desagertutako pertsonak bilatzeko lanak zailtzen ditu", aitortu du Buchek, eta adierazi du eguzki argiak, gauez baino baldintza hobeetan lan egiteko aukera ematen duela.

Kontseilariak nabarmendu duenez, "aspaldi" Katalunian izan ez diren euriteak izan direla, eta elkartasuna adierazi die kaltetutako pertsona guztiei.

Une hauetan, gainera, 60 errepide itxita daude, eta 30.000 etxe argirik gabe.

Halaber, tren batek pertsona bat harrapatu du L'Hospitalet de Llobregateko geltokian (Bartzelona). Renfek zehaztu duenez, biktima geltokian bertan artatu dute. Harrapaketaren ondorioz, trenbidea itxita dago eta R1, R3 eta R4 lineatan atzerapenak daude.

Denboraleak argindar etenak ere eragin ditu. 20.000 bat lagun daude hornidura barik, 4.000 bat Arenys de Marren (Bartzelona), Babes Zibilaren arabera.

Hainbat errepide itxi behar izan dituzte uholdeengatik. Honakoak: AP-2a Abatarrec eta Tarres artean; C-233 errepidea, Castelldansen; la C-252a, Vilabertranen eta C-32a, Esplugues, Castelldefels noranzkoan; GIV-6211, Figueresen eta Ampurdaneko noranzkoan; GIV-6301, Armenteran; N-240a, Borges Blanquesen, eta T-312a, Cambrilsen.

Babes Zibilaren esanetan, Ter ibaia "oso hazita dago eta gainezka egin lezake hainbat lekutan". Horrez gain, Gironako eskualdean tentuz ibiltzeko gomendatu du. Izan ere, gainerako eskualdeetan prezipitazioak gutxituz joango badira ere, Gironan gehiago egitea espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Alerta meteorologikoak Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak