Gizartea -
Onkologia-arreta
Onkologia zerbitzu berri bat zabalduko du Osakidetzak Galdakaon
Gainera, Gurutzetako Ospitaleko erradioterapiarako gailua berrituko du Osasun Sailak, minbizia duten gaixoei eskainitako arreta hobetzeko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri duenez, onkologia osasun zerbitzu berri bat jarriko du martxan Galdakaoko Ospitalean. Gainera, Gurutzetako Ospitaleko azeleragailu lineala (erradioterapiarako gailua) berrituko du, eskariaren hazkundeari erantzuteko, tratamenduak erabiltzeko erraztasuna sendotzeko eta minbizia duten gaixoei eskainitako tratamenduaren eraginkortasuna hobetzeko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Batzordean egindako agerraldian egin ditu iragarpen hauek Rafael Bengoa Osasun sailburuak, Osakidetzako onkologia-arretari buruzko informazioa eskaintzeko.
Osasun Sailak eskainitako datuen arabera, emakumezkoei dagokionez, gehienei bularreko minbizia diagnostikatu ohi zaie, jarraian, koloneko eta umetokiko minbiziak. Gizonezkoen artean, prostata, trakea, birika eta koloneko minbiziak dira ohikoak.
Gizonezkoen % 10,2k eta emakumezkoen % 13,9k lortu du trakeako eta biriketako minbiziari aurre egitea. Emakumeen % 87,4k egin dio aurre bularreko minbiziari diagnostikatu eta bost urtetara. Prostatako minbiziaren kasuan berriz, gizonen % 57,5k lortu du gaitzari aurre egitea bost urte igarota.