Gizartea -
Polizia-operazioa
Zazpi lagun atxilotu dituzte eta kokaina-laborategi bat desegin dute, Nafarroan
Droga-trafikoa eta talde kriminaleko kideak izatea egozten dizkiete. Atxilotuetako sei kartzelan daude jada.
Agentziak | Erredakzioa
Zazpi lagun atxilotu dituzte eta kokaina-laborategi bat desegin dute, Nafarroan, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak batera gauzatutako operazio batean.
Operazio horretan, agenteek ondorengoa konfiskatu dute: salgai izateko prest zeuden eta milioi bat euroko baino gehiagoko merkatu-balioa zuten sei kilo kokaina, estupefazienteak ekoitzi eta ebakitzeko gailuak, moldeak, prentsak, ontziratze-makinak, ibilgailuak eta gailu mugikorrak, su-arma simulatuez gain.
Atxilotuei droga-trafikoa eta talde kriminaleko kideak izatea egozten dizkiete. Bostek kolonbiar herritartasuna dute, batek venezuelarra eta beste batek espainiarra; sei kartzelan daude jada.
Salaketa, maiatzean
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, maiatzean hasi ziren ikerketak. Orduan, salaketa bat izan zen Lakuntzan, bertako etxebizitza batean kalteak baitzeuden; antza han izandako maizterrek eginak ziren kalteak. Agenteek, etxebizitza miatuta, antzeman zituzten estupefazienteen trafikoarekin lotuta izan zitezkeen ekintza penalen zantzuak. Horrez gain, hainbat arma lehergarri ere antzeman zituzten; armak aldatuta zeuden, benetako su-armak balira bezala erabili ahal izateko.
Tokia aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu zuten ziur aski ezkutuko laborategi gisa erabalia zela, narkotikoak sortzeko.
Horren ostean, polizia-ikerketa abiatu zuten, gertaturikoa argitzea xede; asmoa zen erakunde kriminalen bat ote zegoen ikertzea.
Produktu kimikoak Iruñetik gertuko zenbait herritara eramaten zituzten, ibilgailuak erabiliz, eta zenbait etxebizitzatan eta trastelekutan uzten zituzten. Agenteen iritziz, han jarraitzen zuten estupefazienteak lortzeko lanekin.
Azken hilabeteotan ikertzen ibili ostean, eta bildutako informazioa aztertuta, baimen judizialak erdietsi zituzten agenteek, beharrezko sarrerak eta miaketak gauzatu ahal izateko.
Guztira, hamar miaketa egin dituzte (zortzi, etxebizitzatan; bat, lokal batean; eta beste bat, tailer batean), Iruñean, Berriozaren, Berriobeitin eta Eguesibaren.