Gizartea -

Polizia-operazioa

Anonymous pirata informatiko sareko Espainiako buruak atxilotu dituzte

Atxilotuetako batek zerbitzari bat zuen etxean. Bertatik koordinatu eta gauzatu omen zituzten mundu osoko hainbat finantza, enpresa eta gobernutako webguneen kontrako eraso informatikoak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak hiru lagun atxilotu ditu Espainiako "Anonymous" pirata informatiko taldeko arduradunak direlakoan. Horietako batek zerbitzari bat zuen etxean eta bertatik koordinatu eta gauzatu omen zituzten mundu osoko hainbat finantza, enpresa eta gobernutako webguneen kontrako eraso informatikoak.

Etxebizitza horretatik egin omen zieten eraso Playstation Storeren webguneari, BBVAri, Bankiari, ENELi eta Egiptoko, Aljeriako, Libiako, Irango, Txileko, Kolonbiako eta Zeelanda Berriko gobernuen webguneei, Barne Ministerioak ohar batean jakitera eman duenez.

Espainiako Poliziak Twitterren eman du albistearen berri eta aipatu hacker horiek maiatzaren 18an Hauteskunde Batzorde Zentralaren, Esquadra Mossoen eta UGTren webguneei eraso egin zietela gogorarazi du.

Azaldu dutenez, pirata informatiko sarea zelula independenteez osatuta dago eta web zerbitzariek gainezka egiten saiatzen dira. Horretarako, mundu osoan zabalduta eta infektatuta dauden "zombie" ordenagailuak erabiltzen dituzte.

"Anonymous"en kontra Espainian egin den lehenengo polizia-operazioa da eta aurrekariak soilik AEBetan eta Britainia Handian daude.

NATOk bere garaian esan zuen pirata informatiko taldea mehatxua zela aliantzarentzat berarentzat ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea