Gizartea -
Gertakari izugarria, Vienan
Bi pertsona hiltzearen susmagarria Italian atxilotu dute
Vienako eraikin batean bi pertsonaren gorpuak zatituta topatu zituzten asteartean, eta orduz geroztik emakume hori atxilotzeko agindua zegoen. Krimenak egin dituela aitortu du atxilotuak.
Erredakzioa
Italiako Poliziak Estibaliz Carranz Goidsargi espainiarra atxilotu du, Vienan (Austria) izandako bi hilketarekin zerikusia duelakoa. Atxiloketa Udine hirian izan da, Austria eta Italia arteko mugan.
Krimenak egin dituela aitortu du atxilotuak, Poliziako iturriek jakinarazi dutenez. "Familiaren arazoek" bultzaturik ekin zuela azaldu du, izan ere, biktimen esku tratu txarrak jasan zituela argudiatu du.
Ostatu eman dion pertsona batek ohartarazi du Italiako Polizia, Vienan izandako gertakari izugarriaren berri izan ostean eta bilatzen ari ziren emakumea ostegunean ikusi zuela ohartu eta berehala.
Vienako Fiskaltzak zabaldutako informazioaren arabera, 32 urteko emakumea espainiarra da, baina Italiako Poliziak zehaztu du bere pasaportean Mexikon jaiotakoa dela jartzen duela.
Duela bost urtetik, Vienan bizi zen, eta izozki-denda baten jabe zen. Asteartean, denda hori dagoen eraikinaren sotoan bi gorpu erabat zatituta eta zementu artean ezkutatuta topatu zituzten. Horrez gain, bi eskopeta, pistola bat eta espainiarrez idatzitako oharrak zituen agenda bat atzeman ditu Poliziak soto horretan.
Jarraian, Vienako Fiskaltzak emakumea Europa osoan bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen, gorpuzkinak agertu diren sotoa berea delakoan eta, beraz, bi hilketekin zerikusia izan zuelakoan.