Gizartea -

Eguraldiaren iragarpena

Gaur tenperaturak gora, baina lainoak izango dira eguneko protagonista

Laino mardulak espero dira egun guztian zehar, batez ere arratsaldean eta ez dira prezipitazioak baztertzen hainbat puntutan. Bihar egunaren lehen zatian behinik behin zaparradak botako ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egunaren lehenengo zatian haizeak hegoaldetik joko du eta, ahul ibiliko bada ere, tenperatura igoko da; hainbat tokitan maximoak 25 º ingurukoak izango dira eta giro atsegina edukiko dugu. Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, hodeitza handia izango da, arratsaldetik aurrera batez ere; orduan zenbait lekutan tanta batzuk bota ditzake. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak ere garatuko dira eta han eta hemen ekaitzak jo lezake.

Bihar lehenengo partean zaparradak botako ditu, goizaldean baliteke ekaitza ere botatzea; arratsaldearen hasieran atertuz joango da eta orduak pasa ahala hodeiak desegiten joango dira. Haizeak iparraldetik joko du eta horregatik tenperatura maximoek behera egingo dute; atseginak izango dira, dena dela, 22-23 º ingurukoak.

Asteartean eguraldiak hobera egingo du. Hodeitza aurreko egunetan baino txikiagoa izango da eta zerua guztiz garbi geratuko ez den arren tarte eguzkitsu luzeak espero dira. Horri esker, tenperatura igo eta altuenak 24 º ingurukoak izango dira. Haizea aldakor ibiliko da, baina iparraldetik jotzeko joerarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea