Gizartea -
Hilketa
Diana Querren krimenaren epaiketa asteartean hasiko da, epaimahaia osatuta
Lehen saioan, Jose Enrique Abuin Gey akusatu bakarrak deklaratuko du, bai eta biktimaren gurasoek ere; azken horiek lekuko gisa egingo dute.
Agentziak | Erredakzioa
Diana Quer gaztearen aurkako krimenaren epaiketako herri-epaimahaian bost gizon eta lau emakume izango dira. Epaimahaia osatuta geratu da, eta hori ezinbestekoa zen bistari hasiera emateko; asteartean ekingo diote, hilaren 12an.
Galiziako Auzitegi Nagusiak astelehen honetan jakitera eman du epaimahaia osatu dela, nahiz eta horretan parte hartzeko deituta zeuden batzuek hainbat alegazio aurkeztu dituzten: mediku-arrazoiak, ikasketa-arrazoiak, biktimaren familia ezagutzen dutela, edo aurrekoren batean ere epaimahairen bateko kidea izan direla.
Aurreko hilabetean ez zuten epaimahaia osatzerik izan; hortaz, bista atzeratu behar izan zuten. Berez, urriaren 29an zen hastekoa.
Fase hori gaindituta, eta aurreikusitako egutegiaren arabera, epaiketako lehen egunean hilketako akusatu bakarra den Jose Enrique Abuin "El Chicle"k deklaratuko du; biktimaren gurasoek, Juan Carlos Querrek eta Diana Lopez-Pinelek, ere deklaratuko dute, lekuko gisa.
Diana Quer 2016ko abuztuaren 22an irten zen jai batera A Pobra do Caramiñalen (Coruña), amarekin eta ahizparekin uda igarotzen ari zen herrian. Jaira joan bai, baina ez zen etxera bueltatu.
Madrildar gaztearen gorpua 2017ko abenduaren 31n topatu zuten, Rianxon (Coruña), gaseosetako lantegi zahar batean. Hilotzak ia 500 egun zeramatzan bertan.