Gizartea -

Eguraldia

Barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia larunbatera arte luzatu dute

Larunbatean elur-kota 600-800 metrora kokatuko da, baina noizbehinka jaitsi ahal izango da, batez ere prezipitazio handia den lekuetan.

Elurra. Artxiboko argazkia: Iñaki Arteta
Elurra
Elurra. Artxiboko argazkia: Iñaki Arteta

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostegun honetarako barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia larunbatera arte luzatzea erabaki du, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpena kontuan hartuta. Hasiera batean, abisua bihar, ostirala, amaitzekoa zen, baina Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpena ikusita, larunbatera arte luzatzea erabaki du Jaurlaritzak.

Ostegunean, azaroak 14, neguko giroa izango da nagusi Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Fronte batek prezipitazio ugari utziko dituen arren, aterruneak izango dira goizean zehar, baina zaparradak eta ekaitzak iritsiko dira arratsaldean, txingor eta guzti, eta elurra egingo du 1.000 metrotik behera.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du barnealdean elurragatik, eta egun osoan egongo da indarrean. Izan ere, elur-kota 1.000 metrotik behera azkar jaits daiteke lehen orduetan, eta 700-900 metrotik gertu egon daiteke egunak aurrera egin ahala, toki batzuetan beherago, ekaitz-guneetan eta ekialdean bereziki. Aurreikusitako lodierak: 5-30 cm 1.000 metrora, 0-3 cm 600 metrora eta 0 cm 200 metrora.

Testuinguru horretan, zaparrada txikiak eta ertainak espero dira, batez ere isurialde atlantikoan, eta baliteke zaparrada iraunkorrak eta oso ugariak izatea goizaldean eta gauean. Halaber, ez da baztertzen txingorra egitea eta ekaitz bakanen bat izatea, bereziki isurialde atlantikoan.

Mendebaldeko haizeak gogor joko du kostaldean lehen orduetan, baina indarra galduko du eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira arratsaldean. Ondorioz, maximoak ez dira 10 °C-tik gorakoak izango barnealdean, eta Araban eta Nafarroan izozteak espero dira.

Ostiralean, are gehiago zakartuko da denboralea, eta elurra 1.000 metrotik behera egiteko aukera dagoenez, abisu horia ezarriko dute egun osoan. Elur-kota 700-900 metro inguruan egongo da, noizbehinka beherago, bereziki prezipitazioaren intentsitatea handia den zonaldeetan. Aurreikusitako lodierak: 2-20 cm 1.000 metrora, 0-1 cm 600 metrora eta 0 cm 200 metrora.

Tenperatura pixka bat gehiago jaitsiko da, eta barnealdean izotza egingo du. Giro ezegonkorraren ondorioz, zaparradak botako ditu, eta ekaitzak jo eta kazkabarra egin dezake isurialde atlantikoan. Haizeak ezatseginagoa egingo du eguraldia; mendebal eta ipar-mendebaldetik joko du, eta bolada oso gogorrak espero dira kostaldean. 

Larunbatean, olatuengatik ezarritako abisuak desagertuko dira, baina elurragatik ezarritakoari eutsiko diote egun osoan. 600-800 metro inguruan egin dezake, eta baliteke hortik behera ere egitea tarteka, batez ere prezipitazio handiak diren lekuetan. Eguerditik aurrera, elur-kota igotzen joango da, eta 1.000 metrotik gora kokatuko da azken orduetan.

Prezipitazioak ohikoak eta ugariak izango dira isurialde atlantikoan, eta txingorra bota lezake egunaren lehen partean.

Bestalde, Estatuko Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du ostegun honetarako Pirinioetan eta Nafarroa erdialdean, 800-900 metrotik gorako altueretan, eta tenperaturak behera egingo duela iragarri du.

Erdigunerako alertak Urbasa, Andia eta Aralar mendilerroetako eremuei eragiten die, 24 ordutan 4 zentimetro pilatu daitezkeelako, eta Pirinioetan, berriz, 8 pilatu daitezke. pilatzea. Biharamunean, ildo beretik jarraituko omen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak