Gizartea -

Madril

Familia bat etxetik botatzea ekidin dute zenbait talde sozialek

Hipoteka ordaindu ezin duelako kaleratu behar zuten familia hori. Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak deitu du protesta eta Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusia ere bertan izan da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hipoteka ordaindu ezin dutela eta, familia bat etxetik bota behar zuten gaur goizean Madrilen, baina, zenbait gizarte-eragilek eta bizilagun-taldek deituta, hainbat manifestari elkartu dira eraikinaren atarian, sarrera itxi dute eta familiaren kaleratzea bertan behera geratu da.

Deialdia Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak egin du eta hainbat gizarte-eragileren babesa izan du: Madrilgo Auzo-elkarteen Federazioarena, M-15 Mugimenduarena, Benetako Demokrazia Orain eta ATTAC taldeena. 300 bat lagun elkartu dira Madrilgo Tetuan auzoan dagoen eraikinaren aurrean. Polizia ere bertaratu da, baina ez dute inolako neurririk hartu. Eguerdian, Madrilgo Gobernuko ordezkari batek baieztatu du gaurko kaleratzea bertan behera geratu dela. Manifestariek pozik hartu dute berria eta "familia honen kaleratzea behin betiko geldituko" dutela azpimarratu dute. Aipatzekoa da Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak ere parte hartu duela protesta horretan. Alabaina, manifestarien eta Cayo Lararen artean tentsio uneak izan dira.

Manifestariek Cayo Lararen kontrako irainak bota dituzte, ura ere bota diote gainera eta handik alde egiteko exijitu diote. IUko koordinatzaileak esan du herritar moduan manifestatzeko eskubidea daukala, horrelako jarrerak mugimendu sozialen kalterako baino ez direla eta kaleratzeen benetako erantzuleengan jarri behar dela jomuga.

Bestalde, manifestari batzuek Cayo Lara babestu dute eta kaleratze hori ekiditeko egin diren manifestazioetan "hasieratik" parte hartu duela nabarmendu dute, "inork kasurik egiten ez gintuenean, alegia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea