Gizartea -
Turismoa
Donostia, munduko hiririk politenetakoa
Internet bidez bidaiak antolatzen dituen 'Flight Network' agentziak munduko 50 hiri politenen zerrenda osatu du. Paris, New York eta Londres daude lehen postuetan.
eitb.eus
Donostia munduko 50 hiri politenen artean dago. Horrela adierazi du Internet bidez bidaiak antolatzen dituen Flight Network agentziak, nazioarteko 1.000 aditu baino gehiago elkarrizketatu ostean. Mundu osoko kazetariak, blogariak eta bidaia-agentziak daude horien artean, besteak beste, "planetak eskaintzeko duen onena ikusi eta bizi dutenak", Kanadako agentzia horrek nabarmendu duenez. Zehazki, munduko hiri politenen zerrenda horretako 42. postuan kokatu dute Gipuzkoako hiriburua.
Ezin bestela izan, Donostia "munduko sukaldaritzaren hiriburua" dela azpimarratu du konpainia horrek, eta, ildo horretatik, “hirian Michelin izarrak dituzten goi-mailako jatetxeak eta herritar guztientzat eskuragarriak diren tabernak” uztartzen direla nabarmendu du. Ondorioz, "kostaldeko hiri hau nahitaez bisitatu behar da", horren arabera.
Hala, Donostiako pintxoak dastatzeko gonbita egiten die Flight Networkek turistei, horiek “munduko aperitibo onenetakoak baitira”. Halaber, Donostiako Parte Zaharretik paseatzea gomendatzen die, "garai batekoak diren eraikinekin gozatzeko". Agentzia horren arabera, Gipuzkoako hiriburuan nahitaez bisitatu behar den den beste kokagune bat Kontxako hondartza da, izan ere, "Espainiako ederrenetakoa da". "Eguzkiaz gozatu eta hondartzan igeri egiteko aukera dago hor, baita egunero arearekin obra ederrak egiten dituen artista ikusteko ere". Ildo horretatik, internet bidez bidaiak antolatzen dituen agentziak Urgull mendiaren tontorrera joatea gomendatzen die bisitariei, "hondartzari izena ematen dion maskor formaren ikuspegi ezin hobeaz gozatzeko".
Donostiarrei ere aipamen berezia egin die, eta herritarrak "oso jatorrak" direla nabarmendu du. Eguraldiari dagokionez, "urtaroaren arabera aldatzen bada ere, urteko ia edozein egunetan egin dezake euria". Arrazoi horregatik, Flight Networkek zira bat hartzeko gomendatzen die turistei, eta aldean eramatea, badaezpada ere.
Parisek, New Yorkek eta Londresek bete dituzte zerrenda horretako lehen postuak, eta Venezia, Bartzelona, Erroma, Istanbul, Hong Kong, Madril, Zurich, Madril, Berlin, Bangkok, Dublin edo Atenas ere agertzen dira zerrendan, azken hori azken postuan bada ere.
"Munduko hiri politenen zerrendarik zehatzena eta esanguratsuena egiteko", haien ustez elementu naturalak eta artifizialak hobeto konbinatzen dituzten hiriak izendatzea eskatu zien agentzia horrek elkarrizketatuei. Hala, hiri bakoitzak jaso zuen boto kopuru horietatik abiatuta osatu zuten gida.
Donostia. Artxiboko argazkia: Pablo Labraga Lopez
Donostia. Artxiboko argazkia: Jose Maria Vega
Donostia. Artxiboko argazkia: Jose Maria Vega
Donostia. Artxiboko argazkia: Iñigo Minguez
Donostia. Artxiboko argazkia: Marisa Herguedes Sukia
Donostia. Artxiboko argazkia: Schnabel Lopez