Gizartea -
NAFARROA
Sutea izan da Girgillaoko adin txikikoen zentro batean baina ez da inor zauritu
Eraikina oso kaltetuta geratu da. Sua piztu zenean bertan ziren bi langileek kanpora atera zituzten han bizi diren 10 adin txikikoak eta guztiak onik daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sutea izan da Girgillaon, Nafarroako Gobernuaren Aguiñariz adin txikikoen babeserako zentroan eta oso kaltetuta geratu da; baina zorionez, bertan ziren bi langileek kanpora atera zituzten han bizi diren 10 adin txikikoak eta guztiak onik daude.
Nafarroako Gobernutik bertatik jakitera eman dutenez, SOS Navarrak 18:52ak aldera jaso zuen sutearen abisua eta berehala bertaratu ziren Cordovilla eta Lizarrako suhiltzaileak.
Suak lehen solairuko gela bat kiskali zuen eta ondokora igarota zegoen suhiltzaileak iritsi zirenerako. Solairu horretako gela guztietara zabaldu zen kea eta kalteak eragin zituen sua itzaltzeko erabilitako urak.
Ez zen kalterik izan behe solairuan, sukaldea, butano bonbonak eta galdara dauden tokian.
20:37 aldera amaitu zuten interbentzioa suhiltzaileek, eraikina aireztatu ondoren.
Gobernuak jakitera eman duenez, lehen solairua oso hondatuta geratu da: bi gela erabat suntsituta daude, adreiluak bistan dituztela, eta lehen solairu guztia belztuta geratu da. Gainera, pitzadurak daude hainbat paretatan. Gauzak horrela, oraingoz ez dago bertan bizitzerik eta behar diren konponketak egin bitartean, Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen beste zentro batzuetara bidali dituzte Girgillaon bizi ziren adin txikikoak.
Foruzaingoak ikerketa ireki du sutea nola piztu zen argitzeko.