Gizartea -

Bortxatzaile kondenatuak

La Manadako lau kideek ez dute deklaratu nahi izan, 'Pozoblanco' auziagatik

Iruñeko bortxaketaren harira, bideo bat aurkitu zuen Poliziak, eta 2016ko irailean Kordobako neska bati egindako sexu-abusuak ikus zitezkeen bertan.

La Manadako kideak epaituko dituzte berriro. Argazkia: EFE
La Manadako kideak epaituko dituzte berriro
'La Manada'ko kideen kontrako epaiketa hasi da, Pozoblancoko auziagatik

0:48

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cordobako Pozoblanco herrian 21 urteko neska bati ustez egindako sexu-abusuak eta intimitatearen aurkako delitua egotzita epaituak izaten ari diren lau kideek ez dute deklaratu nahi izan. Lau gizon horiek 2016ko sanferminetan 18 urteko emakume bat bortxatzeagatik kondenatuak izan ziren jada.

Hala adierazi dute Luis Javier Santos Cordobako 1 zenbakiko Epaitegiko epailearen aurrean, euren buruak "errugabetzat" jo ostean. Bien bitartean, lau auzipetuek grabatutako bideoa baliogabetu ala ez epai egunera arte atzeratzea erabaki du epaileak.

Alfonso Jesus Cabezuelo, Jose Angel Prenda, Antonio Manuel Guerrero eta Jesus Escudero La Manadako taldekideei delitu horiek egotzi dizkie fiskalak, eta zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu du horietako bakoitzarentzat.

Akusatuak Alcoleako presondegira (Kordoba) eraman dituzte, astelehen honetan hasi eta ostegunera arte epaituko dituztelako.

Sanferminetako sexu-erasoagatik 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten bakoitzari, eta auzi horren harira abiatu zuten Pozoblancoko ikerketa.

Akusatuetako baten telefono mugikorrean, WhatsApp talde batean partekatutako bideo bat aurkitu zuten. Kordobako neska bat ageri zen bertan, konorterik gabe, kotxe baten atzeko partean eserita, Alfonso Jesus Cabezuelo eta Jesus Escuderoren artean, Antonio Manuel Guerrero eta Jose Angel Prenda aurrealdean zeudela, eta akusatuek "sexu-ukituak" egin zizkiotela ikusten zen.  

Fiskalaren idatzia

Fiskalaren arabera, 2016ko maiatzaren 1ean Torrecampoko (Kordoba) azokan egon ziren lau akusatuak, eta bere lagunekin zegoen biktimarekin batu ziren. Edaten ibili ziren, hizketan, eta, 07:15 aldera, Pozoblancora eramateko gonbidapena egin zion Alfonso Jesus Cabezuelok neskatoari. Biktima "konorterik gabe" geratu zen orduan, eta oraindik ez dute argitu alkoholagatik edo substantzia estupefazienteren bat eman ziotelako gertatu zen. Handik aurrera gertatutako guztia ez du gogoratzen.

Bideoan ikus daitekeenez, akusatu guztiek "sexu-ukituak" egin zizkioten neskari auto barruan, eta, "biktimak jakin edo oniritzia eman gabe baina beste guztiek adostuta", Jose Angel Prendak Antonio Manuel Guerreroren telefono mugikorra hartu eta erasoa grabatu zuen.

Jose Angel Prendak WhatsAppeko hainbat taldetan partekatu zuen sexu-abusuen bideoa

Gaztearen "intimitatea urratzeko asmoz", irudi horiek La Manada izeneko WhatsApp taldera bidali zituzten, lau akusaturen eta beste hiru pertsonaren taldera. Gainera, Jose Angel Prendak berak WhatsAppeko hainbat taldetan zabaldu zuen bideoa.

Pozoblancora iritsi zirenean, akusatuetako hiru autotik jaitsi ziren, eta Alfonso Jesus Cabezuelok argitu gabeko leku bateraino eraman zuen gaztea. Hura esnatu zenean, "felazio bat egiteko" eskatu zion Cabezuelok, eta, biktimak ezetza eman ostean, aurpegian jo zuen eta kotxetik bota zuen, bultzaka.  

Bideo horiek 2016ko irailean eman ziren ezagutzera, Iruñeko bortxaketaren ikerketaren harira. Orduan izan zuen Pozoblancoko biktimak jazotakoaren berri, eta horrek "trauma osteko estresa" eragin zion.

Sexu-abusuengatik hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak akusatu bakoitzarentzat, eta laukoa, intimitatearen aurkako delitu batengatik. Gainera, Cabezuelori 720 euroko isuna ezartzeko eskatu du fiskalak, lesio delitu arina leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak