Gizartea -
Jaioberriak
Jaiotzak % 6,1 gutxitu dira EAEn 2019ko bigarren hiruhilekoan
Jaiotza kopuruak % 7,5 egin du behera Gipuzkoan, % 5,8 Araban eta % 5,3 Bizkaian, aurreko urteko epe bereko datuekin alderatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Eustaten datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 3.699 jaiotza izan dituzte 2019ko bigarren hiruhilekoan, 2018ko epe berean baino % 6,1 gutxiago.
Gipuzkoan 1.234 haur jaio dira, aurreko urteko epe berean baino % 7,5 gutxiago; Araban 597 haur jaio dira, % 5,8 gutxiago; eta Bizkaian 1.868, % 5,3 gutxiago.
2019ko apirilean, maiatzean eta ekainean, ezkontzaz kanpoko jaiotzak % 45,2 izan dira, 2018ko bigarren hiruhilekoan baino gehiago (% 43,2). EAEko batezbestekoarekin alderatuta, Gipuzkoa izan da EAEko kopuru horretatik beherako balioak izan dituen lurralde bakarra (% 42,5). Bizkaian eta Araban, ehunekoak handiagoak izan dira; % 46,9 eta % 45,6, hurrenez hurren.
2019ko bigarren hiruhilekoan jaiotako umeen erdiak ia (1.784), lehenengo haurrak izan dira; 1.480 (% 40) aurretik beste seme-alaba bat zuten familiek izan dituzte; eta % 11,8 hirugarren edo hortik aurrerakoak izan dira.
Amen adinari dagokionez, 30-39 urteko amen taldeak izan ditu erditze gehien (% 70,6). Talde horretatik oso urrun 25-29 urteko amen taldea dago (% 12,5), eta 40 urtetik gorako amen taldea (% 9,6) eta 25 urtetik beherakoena (% 7,3) daude zerrendan hurrengo postuetan.
Ama ezkongabeen kasuan, % 11,5ek 25 urte baino gutxiago dituzte, eta % 14,5ek, berriz, 25-29 urte. 2019ko bigarren hiruhilekoan EAEn jaiotako haurren % 26,2k ama atzerritarra du (2018an, % 25,1 ziren). Datuak lurraldez lurralde aztertuta, ama atzerritarra dute epe horretan Araban jaio diren umeen % 31,7k, Bizkaian jaiotakoen % 24,7k eta Gipuzkoan jaiotakoen % 25,9k.