Gizartea -
Nazioarteko Eguna
Haurrei egindako sexu abusuen aurkako kontzentrazioa egingo du gaur Garaitzak
Hirugarren urtez, Bilboko Arriaga plazan, 18:30ean, elkarretaratzea deitu du elkarteak. Oraingoan, familia barruan jazo diren abusuak (kasu guztien % 85) salatu nahi dituzte bereziki.
EITB.EUS
Garaitza haurrei egindako sexu abusu eta tratu txarrak tratatzeko elkarteak elkarretaratzea deitu du gaurko, Haurren kontrako Sexu Abusu eta Tratu Txarrak Prebenitzeko Nazioarteko Egunean, Bilbon. Hirugarren urtez jarraian egin dute deialdia.
Bilboko elkarteak prentsa ohar batean azaldu duenez, kontzentrazioa Bilboko Arriaga plazan egingo dute, 18:30ean. Aurreko deialdietan bezala, "haurtzaroko sexu abusuak ikusarazi nahi dira, eta, hain zuzen, fokua jarri nahi da familia barnean jazotzen diren sexu abusuetan". Izan ere, Garaitza elkartearen arabera, senide batek egindako abusuak haurtzaroan egiten diren sexu abusu guztien % 85 dira.
Hain justu, horrelako abusuen biktima batek idatzitako mezu elektronikoa kaleratu zuten atzo Garaitzaren blogean. Nerea izeneko biktima batek haurtzaroan maiz entzuten zuen esaldi bat ekarri du gogora ("Trapu zikinak etxean garbitzen dira"), kontrakoa adierazteko ("Jada EZ dira etxean garbitzen"), eta "denon ardura" eskatu du horretarako.
Garaitza elkarteak gaurko deialdiaren harira erantsi duenez, Valentzian eta Kanaria Handian ere elkarretaratzeak egingo dituzte hango elkarteek (ACASI eta ACCMI) deituta.
Iaz, haurren kontrako abusuen aurkako nazioarteko egun horren harira, umetan sexu abusuak jasan zituzten hiru testigantza jaso zituen Garaitzak hiru bideotan. Horietako batek (Pepe Godoy) salatu zuenez, abusuak pairatu zituen Basauriko Baskonia futbol taldeko entrenatzaile batek aldetik. Salaketaren berri izan eta gutxira, taldetik bota zuten entrenatzailea. Guztira, sei salaketa aurkeztu dituzte gizon horren kontra.