Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Goirizelaia: 'Kimikako azterketa errepikatzea bidegabekeria litzateke'
EHUko errektoreak baztertu du "erantzukizuna" eskatzea selektibitateko azterketako itzulpenean izandako akatsagatik, baina adierazi du "neurriak" hartuko dituztela azterketa hauen prozesua hobetzeko.
Erredakzioa
Iñaki Goirizelaia EHUren errektoreak baztertu du selektibitateko kimika azterketa errepikatzea "bidegabekeria berri bat" litzatekeelako.
Radio Euskadiko ''Boulevard'' saioan egindako elkarrizketa batean, erretoreak kimika azterketa euskaratzerakoan egondako akatsa onartu du. Hala ere, ohartarazi duenez, azterketa izan zen bitartean ikasle "gehienei" akats bat zegoela esan zieten.
Goirizelaiak arbuiatu egin du azterketaren edukia ikasturtean klasean izandakoarekin bat ez etortzea. Horren ildotik, unibertsitateak "kimikan eskarmentu handiko hainbat irakasleri galdetu die eta euren txostenak argiak izan dira: edukia bat dator", gogoratu duenez.
Gainera, errektoreak baztertu du "erantzukizuna" eskatzea, hori bai, onartu du gertatutakoa aztertu beharko dutela eta mota horretako azterketetako prozesuak hobetzeko "neurriak hartu" beharko dituztela.
Azterketak sortzerakoan "hainbat filtro" pasatzen direla azpimarratu ostean, berretsi du kimika azterketa ez dela errepikatuko, "ikasle guztien eskubideak bermatu behar direlako".
Goirizelaiak azaldu duenez, emaitzen datuak aztertu eta gero, "nota oso onak" atera dituztenak badaude eta "guk azterketa errepikatzen badugu errepikatu behar dutenen mesedetan, eta aurrekoa egin dutenen kaltetan, egingo genukeen".
Errektorearen ustez, "ez dago guztiok asetuko dituen konponbiderik" eta kontuan izan behar da oinarria "guztien eskubideak babestu eta errespetatzea dela". "Orain ezin da zuzen eginda zegoen, eta gauza sinple batean akats bat izan duen, azterketa bat errepikatu, baina konponduta dago; ez da kontuan hartu edo ikaslearen mesedetan kontuan hartu da".