Gizartea -
Bizkaia
Bi seme-alaba dituen emakume bat berehala etxegabetuko dutela salatu dute, Barakaldon
Argitan eta Berri-Otxoak elkarteek azaldu dutenez, emakumezkoa indarkeria matxistaren biktima da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barakaldoko bizilaguna den emakume bat eta bere bi semeak azaroaren 26tik aurrera edozein unetan etxegabetuko dituztela salatu dute Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eta Berri-Otxoak bazterketa sozialaren aurkako plataformak.
Bi elkarteetako kideek elkarretaratzea egin dute Alokabidek (etxeen alokairurako sozietate publikoa) Bilbon dituen bulegoen aurrean, Barakaldoko epaitegi batek emakumeari emandako ultimatum-a bukatu baino astebete lehenago.
Ekainaren 30ean epaitegiak familiaren etxegabetzea atzeratu zuen Barakaldoko hainbat kolektibok egindako protesten ondorioz, eta, orain, prozesua berriro aktibatu da.
Argitanek kritikatu duenez, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez diote familiari alternatibarik eskaini.
Emakumeak “urte eta erdi darama Barakaldoko Udaleko gizarte-zerbitzuek edo EAEko etxebizitza zerbitzuak egoera legeztatzeko zain”.