Gizartea -

Abisu horia

Oiz mendian 122 km/h-ko haize-bolada bat izan da

Euskalmetek Garbean duen estazioan, 118,5 km/h-ko bat jaso dute. Urduñan eta Matxitxakon ere (116,4 eta 110,4, hurrenez hurren), haizea oso bizi ibili da.

Artxiboko irudian bezala, haizea bizi dabil ostiral honetan. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian bezala, haizea bizi dabil ostiral honetan. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian bezala, haizea bizi dabil ostiral honetan. Argazkia: EFE.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak Oiz mendian duen estazioak 122,1 km/h-ko haize-bolada bat jaso du ostiral goizean, Euskalmetek berak bere web orrian ematen dituen datuen arabera. EAEn azken orduotan izandako haize-ufadarik handiena da; Bizkaia eta Gipuzkoa abisu horian daude ostiral honetan, arriskua baitago haizeak 100 km/h-tik gorako abiadura hartzeko mendiguneetan eta itsasaldean, eta 80 km/h-tik gora kokatzeko gainerako lekuetan.

Ostiraleko lehen orduetan, Bizkaian ibili da haizea bizien. Oizeko datuaz gain (10:00etan neurtu dute aipatutako ufada), Garbean (Balmaseda) jasotako datua da nabarmentzekoa; izan ere, 09:50ean, 118,5 km/h-ko bolada bat izan da bertan. Matxitxakon, 110,4 km/h-ko bat jaso dute, eta Untzuetan, aldiz, 93,5 km/h-ko bat.Bilbon, daturik esanguratsuena Deustun jaso dute; 92,4 km/h-ko haize-ufada bat jaso dute bertan.

Gipuzkoan ere izan dute 100 km/h-tik gorako Haizea; hain zuzen ere, Bidanian, 09:10ean, 104,1 km/h-ko ufada bat jaso dute. Ordizian (93,1) eta Pasaiako portuan (91,1) ere bizi ibili da haizea.

Araban, aldiz, goizaldea eta goiza lasaiagoa izan da. Ilarduian 88,6 km/h-ko haizea ibili da, eta horixe da jasotako boladarik handiena.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, haizeak eragindako abisu horia larunbatean ere izango da indarrean (hilaren 23an), ostiral honetaz gain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Alerta meteorologikoak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak