Gizartea -
Protesta
Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute Baionan
Aurten hiru emakume hil dituzte euren bikotekideek edo bikotekide ohiek Ipar Euskal Herrian. Era berean, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko emakumeek indarkeriaren aurkako manifestazioa egin dute goizean.
eitb.eus
Indarkeria matxistaren aurkako egunaren atarian, manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean Baionan, gurean genero indarkeriak gehien kolpatu duen lurraldean; izan ere, aurten hiru emakume hil dituzte euren bikotekideek edo bikotekide ohiek Ipar Euskal Herrian, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Antolatzaileek salatu dute zazpi minuturo bortxaketa kasu berri bat dagoela Frantzian, eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako "bitarteko gehiago" eskatu dituzte.
Frantzian, guztira, 137 izan dira hil dituzten emakumeak.
Era berean, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko emakumeek indarkeriaren aurkako manifestazioa egin dute goizean. Protesta Sestaoko El Kasko plazatik abiatu eta Santurtziko parkean bukatu da.
Indarkeria matxistaren aurrean emakumeen beharrizan konkretuak artatu behar direla aldarrikatu dute kolektiboek. Horregatik, erakundeei eta udalei "kontzientzia eta sentsibilitate feministadun" neurri eta baliabideak eskatu dizkiete.
Gainera, diru-laguntza ekonomiko "duin, azkar eta nahikoak" aldarrikatu dituzte, baita "alokairu sozialak" ere. Era berean, Premiazko aholkularitza zentroak doako arreta juridiko eta psikologikoa jasotzeko; Genero Indarkeriako epaitegi bereziak 24 orduz zabalik, trebakuntza feminista jaso duten profesionalekin; eta erasotzailea berehala kontrolatzea, besteak beste, eskatu dituzte.
Bestalde, Astelehen Lilak indarkeria matxisten inguruko jardunaldiak egin ditu Iruñean, konkretuki, sexu indarkeriaz eta politikaz mintzatu dira.
Ekitaldian Txomin Laffage Nagore Laffage gaztearen aitari omenaldia egin diote, eta Asun Casasola Nagoreren amak eta Nazanin Armanian Irango idazle erbesteratuak parte hartu dute.
"Kezkaturik" agertu dira, "eskuin-muturraren gorakada eskuratutako eskubideentzat arrisku bat delako", eta sexu indarkeriarekin amaitzeko "adostasun politikoa" aldarrikatu dute. Gainera, Nafarroan sexu indarkeriaren biktimak artatzeko zentro berezi bat sortzea eskatu dute.