Gizartea -

Gipuzkoako Fiskaltza

3 urte eskatu dituzte adingabe bati sexuaren truke dirua eskaintzeagatik

Adingabea 2018ko azaroan etxerako bidean zihoala, akusatuak sexu-harremanak izatea proposatu zion diruaren truke.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du gizon batentzat, adingabe bati "diruaren truke sexu harremanak izatea" proposatzea egotzita. Adingabeak ezintasun fisiko eta intelektual bat dauka.

Fiskaltzaren behin-behineko akusazioaren idazkiaren arabera, gertakariak Tolosaldeko herri batean gertatu ziren 2018ko azaroaren 15ean. Auzipetua biktimarengana hurbildu zen, eta ustez "behin eta berriz proposatu zion sexu harremanak izatea diruaren truke". Adingabea "eskolatik zetorren motxila batekin eta etxerako bidean zihoan". Akusatuak, antza, "hogei minutuz baino gehiagoz" egin zion eskaintza.

Fiskaltzaren agiriak zehazten duenez, garai hartan 51 urte zituen gizonak, "bere desira sexuala asebetetzeko asmoz, inoren askatasun eta ukigabetasun sexualaren kontura", 200 euroko billete bat erakutsi zion gazteari. Halaber, "diru gehiago" eskaini zion, "eskaera onartuz gero, eta haien artean gerta zitekeenaren sekretuari eutsiz gero".

Hala ere, Fiskaltzaren testuak argitzen duenez, erruztatuak "ez zuen bere asmoa lortu"; izan ere, "akusatuak alde egin zuen une bat aprobetxatu zuen gazteak amari abisatzeko". Amak, era berean, Poliziari deitu zion, eta susmagarria atxilotu zuten.

Fiskaltzak adingabeen ustelkeria delitua egotzi dio gizonari, eta hiru urteko kartzela-zigorra eskatzen du harentzat. Halaber, bost urtez biktimarengana ez hurbiltzea, ezta harekin harremanetan jartzea eskatu du.

Halaber, akusatuak zigorraren bi herenak betetzen dituenean Espainiatik kanporatzea eskatu du Fiskaltzak, akusatuak ez baitu espainiar nazionalitaterik; gainera, akusatua ateratzen denetik hamar urtez Espainiara itzuli ezin izatea eskatu dute ere.

Akusazio partikularrak (Eva Ramos abokatua), berriz, kaltetuaren familiaren izenean, lau urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak