Gizartea -

2011ko harrotasunaren jaia

Kontzertu 'isilak' egingo dira Chuecan, Harrotasun Egunean

Benicassimgo Nazioarteko Jaialdiak erabilitako formulari jarraituz, Chuecako enparantzan metakrilatoz itxitako oholtza jarri dute eta horrela musika irrati bitartez igorriko zaie bertaratutakoei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zarataren Ordenantzak jartzen dituen mugak direla eta, Madrilgo Udalak eta Gay eta Lesbianen Harrotasun Eguneko jaien antolatzaileek Chuecako plazan musika-jaialdiak eskaintzeko formula bat adostu dute: kontzertu "isilak" egitea.

Benicassimgo Nazioarteko Jaialdiak erabilitako formulari jarraituz, Chuecako enparantzan metakrilatoz itxitako oholtza jarri dute eta, horrela, musika irrati bidez igorriko zaie bertaratutakoei. Sakelako telefono bidez ere zabalduko dute.

Antonio Poveda Espainiako Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Federazioko presidenteak esan duenez, irtenbide hori, besteak beste, Alberto Ruiz-Gallardon Madrilgo alkateak eta Ana Botella Ingurugiro ordezkariak onartu dute, gaur goizean egin duten bileran.

"Chuecako plaza Madrilgo Gay eta Lesbianen Harrotasun Eguneko festen erdialdea izango da berriro", esan du Povedak, eta "pozik" agertu da bilerako emaitzarekin, aukera horrek "guztiak pozik utziko" dituela uste baitu.

"Silent Pride" izenaz ezagutzen den formula "berritzaile" hori gertuko beste plaza batean ere erabiliko dute, Vazquez de Mella plazan; izan ere, Madrilgo Zarataren Ordenantzak kontzertuak zentro soziosanitario batetik 150 metro baino gutxiagotara egitea debekatzen baitu.

Akordioa lortuta, 2011ko Harrotasun Eguneko ospakizunak Madrilgo plaza askotan (Chueca, Vazquez de Mella, Rey, Callao eta Espainia) eta kale batean (Pelayo) izango dira. Programa osoa bihar aurkeztuko dute.

2011ko gay, lesbiana eta transexualen jaia ekainaren 24 eta uztailaren 3 bitartean ospatuko da, eta Estatu mailako manifestazioa uztailaren 2an izango da, arratsaldez. Alcala atetik abiatu eta Espainia plazara joango da, Madrilgo Kale Nagusia zeharkatuz "Osasuna eta berdintasuna, eskubideak" lelopean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea