Gizartea -

Gabonak

Herodesen gaztelu berria estreinatuko da Gasteizko Florida Parkean

Amvisak Ramón y Cajal zein Louis Heintz kaleetan egiten ari den lanek desfilearen ibilbidean aldaketak eragingo dituzte.

Olentzero eta Mari Domingi Gasteizko Udaletxean haurrak agurtzen. Argazkia: EiTB.
Gasteizko Udaletxean Mari Domingi eta Olentzeroren irudia
Olentzero eta Mari Domingi Gasteizko Udaletxean haurrak agurtzen. Argazkia: EiTB.

EiTB | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo Gabonetako egitarauaren berrikuntza nabarmenena Herodesen gaztelu berria izango da. Irisgarria izan dadin, Floridako jaiotzan duen lekua aldatu egingo dela adierazi du Estibaliz Cantok, Gasteizko Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotziak, 2019-2020ko Gabonetako egitarauaren aurkezpenean. Aitor Ruiz de Egino, Handia filmaren dekoratuak sortu dituen euskal artista plastikoa, da egilea. Eraikinak 5,5 metroko garaiera, 5 metroko zabalera eta 3 metroko sakonera du.

Errege magoek egiten duten ibilbidean ere aldaketak egongo dira. Kultura zinegotziak Amvisak Ramón y Cajal zein Louis Heintz kaleetan egiten ari den lanak direla eta, desfilea Bilbo plazatik aterako dela azaldu du, eta ondoren Frantzia kalea, Bakea kalea, Jesus Guridi kalea, Pio XII.aren kalea, Herrandarren kalea eta Legutioko atea zeharkatuko ditu.

Horrez gain, Cantok azpimarratu du Olentzeroren eta Mari Domingiren zein Errege Magoen desfileetan ‘Chucheneta’ izeneko karroza handia igaroko da, zeina desfilearen amaieran gozokiak banatzeaz arduratuko den.

Olentzero eta Mari Domingiren etxearen zein Floridako jaiotzaren irekiera

Olentzero zein Mari Domingiren etxea eta Floridako jaiotza abenduaren 5ean 16:00etan inauguratuko dira, eta urtarrilaren 6ra arte egongo dira zabalik. Olentzero eta Mari Domingiren etxean gutunak uzteko ordutegia 10:00etatik 21:30era arte izango da. Jaiotzaren haitzuloa, berriz, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era irekiko da. Horrez gain, jaiotza abenduaren 24an 13:00etan bedeinkatuko da.

Gabonetako argiak

Gabonetako argiak abenduaren 5ean, ostegunean, 18:00etan piztuko dira. Arka plazako instalazioa, ordea, abenduaren 11n, asteazkenean, 19:00etan piztuko da.

Olentzero eta Mari Domingiren desfilea  

Olentzero eta Mari Domingi, galtzagorriez lagunduta, 10:00etatik 15:00etara Udaletxean (Espainia plazan) egongo dira haurrekin.

Desfilea 18:00etan aterako da Iparralde gizarte etxetik, eta, ondoren, Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bakea kalea, Olagibel kalea eta Espainia plaza zeharkatuko ditu.

Folklore Akademiaren, Arabako Dantzarien Biltzarraren, Olabide Ikastolaren, Indarra K.E.ren eta ‘Kalez Kale’ kaleko heziketarako programaren 400 lagunek hartuko dute parte.

19:00ak aldera, Olentzerok, Mari Domingik eta galtzagorriek udaletxeko balkoi nagusitik gasteiztarrak agurtu eta haiekin batera abestuko dute.

Mari Domingi eta Olentzero Gasteizen

Errege Magoen desfilea

Errege Magoak 11:00etan iritsiko dira Gasteizko tren-geltokira. 11:20 aldera, Udaletxeko balkoi nagusira aterako dira umeak agurtzera. 12:15etik 18:00etara haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian, eta bidezko merkataritzako piruletak banatuko dituzte.

Desfilea 19:00etan hasiko da eta Kultura zinegotziak ibilbidea aldatuko dela adierazi du. Beraz, Bilbo plazatik aterako da, eta, ondoren, Frantzia kalea, Bakea kalea, Jesus Guridi Kalea, Pio XII.aren kalea, Herrandarren kalea eta Legutianoko atea zeharkatuko dituzte.

Errege magoak Gasteiz

Gabonetako beste ekitaldi batzuk

Arabako Abesbatzen Elkarteak 27 kontzertu egingo ditu abenduaren 21etik urtarrilaren 5era arte. Aipatutako egunetan ere 10 fanfarre ibiliko dira kaleak animatzen.

Mendizorrotzeko Haur Ikuskizunen XV. Erakustaldian milaka haurrek beren pertsonaia gustukoenak ikusi ahalko dituzte, abenduaren 26tik urtarrilaren 2ra bitartean. Hiru ikuskizun eskainiko dira: ‘Dubbi Kids Happy Live Tour’, ‘Go!azen’ eta ‘Bizi dantza’ (Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin).

Butaka Txikia programan, umeentzako zortzi ikuskizun eskainiko dira gizarte etxeetako antzoki eta aretoetan, antzerkia, txotxongiloak eta musika biltzen dituztenak. Abenduaren 26, 27, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an izango dira saioak, eta sarrerak abenduaren 14ean, 10:00etatik aurrera, jarriko dira salgai, 5 euroan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Gabonak Olentzero Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak 3Kluba