Gizartea -

2019ko Gabonak Bilbon

Baso magiko batek argituko ditu Gabonak Bilbon

#BilbaoGabonak ekimenaren baitan, Bilboko Udalak Gabonetan garatuko dituen jardueren egitarau zabala jarri du martxan. Horrela, jendea erakarri nahi dute.

Bilboko Gabonetako argiak piztuta. Artxiboko argazkia: EiTB
Bilboko Gabonetako argiak piztuta.
Gabonetako argiak piztu dituzte Bilbon

1:08

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon, Gabonei hasiera eman diete jada, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hiriburu osoa aldi berean argiztatuko duen botoia sakatu ostean. Areatzako baso magikoak hartu du aurten Gabonetako argiak pizteko ekitaldia, eta bertan dauden ehun urtetik gorako 120 zuhaitz baino gehiago urre kolorez jantzi dituzte, girlanda moduan jarritako ehunka LEDen argiari esker.

Zehazki, Bilboko alkateak azaroaren 27an, 20:00etan, sakatu du Gabonetako argiak pizteko botoia, Areatzako kioskoaren aurrean egindako ekitaldian. Ordutik aurrera, 1.200.000 LED argik baino gehiagok koloreztatuko dute Bizkaiko hiriburua, urtarrilaren 6ra arte. Igandetik ostegunera bitartean, 18:00etatik 22:00ak arte piztuko dituzte Gabonetako argiak, eta ostiraletan, larunbatetan eta jai-bezperetan, berriz, 23:00ak arte argituko dituzte kaleak, Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Halaber, sei metro altu, hamabi metro luze eta hiru metro zabal den urrezko balea handia Gabonetako gune berri batean izango da ikusgai: Mesedeetako zubiaren eta Erriberako Merkatuaren artean, Bilbo Zaharra eta Zazpikaleak elkartzen diren gunean.

Hala, #BilbaoGabonak ekimenaren baitan, Bilboko Udalak Gabonetan garatuko dituen jardueren egitarau zabala jarri du martxan. Horrela, jendea erakarri eta hiria aisialdiko eta kulturako erreferente nagusi gisa finkatzeaz gain, erosketak bertako dendetan egitera bultzatu nahi ditu herritarrak.

Balea

Estatuko izotz pista ekologikorik handiena

Iazko arrakasta ikusita (49.000 pertsona bertaratu ziren), Gabonetan txirrista eta izotz ekologikoarekin egindako patinaje-pista ekartzearen aldeko apustua egin du berriro Udalak, baina berrikuntza handiak izango dira.

Patinatzeko pista lekuz aldatuko dute, espazio bikoitza izango du eta Espainiako estatuan izotz ekologikoa erabiltzen duen pista handiena izango da. Aurreko Gabonetan 400 metro karratu izan bazituen ere, aurten 800 metro karratu izango ditu, eta instalazioaren erdia estalita izango du, eguraldi txarra dagoenean ere erabili ahal izateko.

Gainera, Areatzako kaian jarri dute oraingoan, eta Erripako kaian utzi dute txirrista handia, irristatzeko sei errei dituena. Itsasadarraren bi aldeetako espazioak zabaltzea eta dibertsifikatzea da lehentasunezko helburua, publiko guztiei zuzendutako proposamena eskainiz.

Bi jarduerak azaroaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean egongo dira martxan, eta prezio hauek izango dituzte: izotz-pistaren kasuan, 3 euro ordaindu beharko dira patinak alokatu eta 30 minutuz patinatzeko (2 euro, familia ugarientzat), eta txirristari dagokionez, berriz, 2 euro ordaindu beharko dira bertatik hiru aldiz jaisteko.

Instalazioak 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo dira zabalik astegunetan, eta arratsaldeko ordutegia 16:00etatik 21:00etara luzatuko da asteburuetan, jaiegunetan eta eskolaz kanpoko denboraldian. Sarrerak leihatiletan bertan erosi ahalko dira, baina baita Internet bidez ere, webgune honetan: www.eventbrite.es

Izotz pista

Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak

Urtero bezala, Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak izango dira umeak gehien hunkituko dituztenak. Gure ikazkin gogokoena izango da hiriburura iristen lehena, abenduaren 23an helduko baita.

Hala, 17:30ean, Mari Domingi eta galtzagorriekin batera, Carlton Hoteleko balkoira irtengo da Olentzero haurrak agurtzera. Ondoren, Kale Nagusitik Arriagara joango den kalejira hasiko dute, eta musika ikuskizun batek emango dio ekitaldiari amaiera bertan.

Olentzerok, Mari Domingik eta galtzagorriek Arriaga Antzokian atseden hartuko dute gauean, indarrak berrituko dituzte, eta asteartean, hilak 24, 11:00etatik aurrera, harrera egingo diete Olentzerori etxean zein opari aurkitu nahi duten kontatu nahi dioten ume guztiei.

2020an iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Erregeak urtarrilaren 5ean egongo dira Bilbon, eta hiriko kale nagusiak zeharkatuko dituzte, argiz, soinuz eta kolorez betetako karrozetan. Desfileak Kale Nagusia zeharkatuko du, udaletxeraino. Ondoren, ekialdeko magoek Bilboko haurren gutunak jasoko dituzte Arabiar Aretoan.

Olentzero

Gabonetako azoka

Bigarren urtez jarraian, Gabonetako Azoka izango da Bilbon, Europako hiri nagusietan antzera. Gabonak direla eta, bisitariei eskaintza komertziala ikusgai jarri nahi die Udalak. Hala, Gabonetako azoka udaletxeko eta Arriaga Antzokiko zubien artean egongo da, itsasadarraren bi aldeetan.

Erripako kaian, hiriko merkatariek gastronomia arloko salgaiak, opariak eta Gabonetako dekorazioko produktuak eskainiko dituzte. Abenduaren 5etik urtarrilaren 5era bitartean, Gabonetako apaingarriekin hornitutako egurrezko 20 etxola egongo dira bertan, 11:30etik 14:00etara eta 17:30etik 21:00etara.

Gabonetako merkatuaren aurrean, Areatzako kaian, abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitartean, Gabonart ere jarriko da, Arbaso Artisau Elkarteak kudeatzen duen Gabonetako Artisautza Azoka.

Haur eta gazteentzako aisialdirako ekintzak

Erripako kaian, 0-12 urteko umeek aisialdiari eskainitako gune handi bat izango dute: "Gabonetako ametsen faktoria". Karpa handi batean, aurten iaz baino 100 metro karratu gehiago izango ditu, 450 metro karratu izango baititu, eta hiru eremutan banatuko da. Azaroaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean, jarduera ugari hartuko ditu, 16:30etik 20:30era, eskolak dauden egunetan, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era asteburuetan, jaiegunetan eta ikasleen opor-egunetan.

Udalak eskaintza zabala eta askotarikoa prestatu du, Bilboko haur eta nerabeentzat 1.500 plaza baino gehiago eskainiz. Hala, adingabeek Gabonetako oporrak gozatzeko jolas- eta hezkuntza-guneak izatea eta familiak bateratzea erraztu nahian, Gabongune, Gabonkide eta Neguleku programak abiatu ditu beste urte batez Udalak, 3 eta 13 urte bitarteko haurrentzat (715 plaza, guztira).

Kirol-aisia nahiago dutenentzat, "Kirol Gabonak, Gabon dibertigarriak" ekimena antolatu du Udalak, 6 eta 16 urte bitarteko 846 ume eta gazteri jolas- eta kirol-jarduerez gozatzeko aukera eskaintzeko Deustu, San Inazio eta Txurdinagako kiroldegietan. Taldeko jolasak, igeriketa edo saskibaloia izango dira, besteak beste, abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an, goizez. Adingabeei kirol-aisialdirako guneak eskaini nahi dizkiete, bizi-ohitura osasungarriak, talde-lana eta laguntasuna sustatzeko asmoz. Aldi berean, Udalaren ekimen horrek lana eta familia bateragarriago egiten lagunduko du.

Gainera, #BilbaoGabonak ekimenaren baitan ez dira faltako adinekoentzako eta adingabeentzako planak. Udalak familian aisialdia sustatu nahi du, eta, horretarako, sei tailer prestatu ditu familientzat, abenduaren 23an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, Abandoko barrutiko zentroan eta Basurtuko ikastetxean. Doakoak izango dira, bi ordukoak, eta goizez edo arratsaldez egingo dira. Tailer horien gaiak zabalak eta askotarikoak izango dira, besteak beste, teknologia, pintura eta magia landuko baitituzte.

#Gaztekluba Gabonak udal programak aisialdi jarduerak ere eskainiko dizkie apur bat helduagoak direnei, abenduaren 23tik urtarrilaren 4ra bitartean. Programazioaren barruan, Bilbotik kanpoko irteerak daude, baita doako kirol-jarduerak edo zirkuarekin, dantzarekin, bideo-jokoekin edo youtuberrekin lotutakoak ere 12-17 urtekoentzat.

- Eskalada: Abenduaren 26an eta 27an, ostegunean eta ostiralean, 10:00etatik 12:00etara, Piugaz Bilbaon.

- Dantza: Abenduaren 26an, ostegunean, 18:00etatik 21:00etara, Bilborocken.

- Zirku tailerra: Abenduaren 26an, ostegunean, 11:00etatik 13:00etara, Bilborocken.

- Bideo-jokoak: Abenduaren 27an eta 28an, ostiralean eta larunbatean, 10:00etatik 12:00etara, Bilborocken.

- Irteera Gabonetako Haur Parkera: Abenduaren 27an, ostiralean, egun osoan, Bilbao Exhibition Centren.

- Irteera Astunera: Abenduaren 28an, larunbatean, egun osoan, Astunen.

- Irteera Donostiara: Abenduaren 3an, ostiralean, egun osoan, Donostian.

Jarduera horiez gain, barrutietako Gazteguneetan egingo direnak ere hartu behar dira kontuan, besteak beste, txanoak, kamisetak eta kutxak prestatzeko tailerrak, Gabonetako postalak egitekoak eta Athleticen Museoa bisitatzeko aukera izango baitira.

Bilbo

Kultur jarduerez betetako auzoak

Gainera, Bilboko Udalak barrutietan tematizatutako egitaraua prestatu du, berrogeita hamar jarduera baino gehiago biltzen dituena. Horietako batzuk tradizionalagoak dira, hala nola Gabonetako abesbatzen kontzertuak, baita umorezko ikuskizunak, ipuin kontalariak, kaleko animazioa, zirkuak eta clownak ere, euskaraz eta gaztelaniaz eta adin guztietarako jarduerekin. Gainera, Antzerki eta Koral Hamabostaldia izango da nagusientzat Otxarkoagan, eta umorezko bakarrizketak, Santutxun. Halaber, familiei zuzendutako doako jarduera mordoa izango da hiri osoan, herritar bakoitzak bere gustuko eskaintzak aise aurki ditzan.

Berritasun gisa, 8. barrutiko zenbait kokalekuk antzerki laburreko saioak hartuko dituzte ostiral honetatik, azaroaren 29tik, urtarrilaren 3ra arte; hala, ikusle guztientzat egokitutako ikuskizunak eskainiko dituzte zenbait konpainiak. Bestalde, Abandoko Udal Zentroan haur eta gaztetxoentzako Gabonetako ipuinen kontaketa saioak izango dira, Badut Taldea, Maite Arrese eta Ana Apikaren eskutik.

Gabonak kalera aterako dira, Hortzmuga Teatroaren eskutik, Solokoetxe, Abusu eta San Adrian auzoetako hainbat kale animatuko baititu hilaren 20an eta 22an.

Bestalde, Santutxuko Udal Zentroak Umorezko Bakarrizketen Zikloaren edizio berria hartuko du abenduaren 2tik aurrera. Banaketa tematiko horretan, Errekalde berriz ere zirkuaren barruti bihurtuko da Gabon hauetan, abenduaren 20an hasiko den programa bati esker: sei zirku ikuskizun izango dira publiko guztiarentzat. Haurrentzako zirku emanaldiak eta tailerrak ere eskainiko dira (sarrera librea izango dute), eta Errekalde, Irala eta Uretamendiko Udal Zentroan izango dira.

Uribarriko barrutian, Castaños eta Zurbaranbarriko barruti zentroetan, hilaren 10etik aurrera, pailazoen eta clownen zortzi ikuskizun izango dira, bereziki familiei zuzendutakoak.

Aurten ere, euskaldunen ehunekorik handiena duen Deustuko barrutiak euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako jarduera ugari bilduko ditu, hala nola bertsolariak, antzezlanak eta ipuin kontalarien saioak. Egitaraua astelehenean, hilak 9, hasiko da Deustuko Udal Zentroan.

Otxarkoaga auzoan, Adinekoentzako Antzerki eta Koral Hamabostaldiaren edizio berria egingo da, eta Euskadiko adinekoen elkarteetako abesbatzak eta antzerki talde amateurrak izango dira protagonista. Bilboko Udalaren ekimen hau Otxarkoaga-Txurdinagako Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkartearekin batera antolatu dute.

Horrez gain, parrokietan, Gabonetako Kontzertu Koralak hiriko barruti guztietara helduko dira. Orotara, 14 emanaldi izango dira, eta ostiral honetan hasiko dira, 19:30ean, Alde Zaharreko Joan Santuen elizan, Bilboko Ganberako koru eta orkestrarekin. Barruti guztietan banatu eta tematizatutako programazio guztia Bidebarrieta Kulturgunearen programazioarekin osatuko da: poesia errezitaldiak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak…

Gabonetan euskal folklorea ere izango da protagonista auzoetan. Abenduaren 21ean, larunbata, San Inazio plazatik abiatuko da erraldoien kalejira, 18:00etan, Ondalanen eskutik. Horrez gain, abenduaren 24an, asteartea, 18:00etatik aurrera, Beti Jai Alai taldearen erromeria izango da Basurtun, Aita Donostia Plazan.

Santiago Plazan, abenduaren 30ean, astelehena, 20:00etatik aurrera, beste erromeria bat izango da Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik. Eta, azkenik, biharamunean, eta urteari agur esateko, abenduaren 31n, asteartean, erraldoien kalejira izango da Deustuko Luzarra kalean, 11:30ean.

Bilbao

Kultur eskaintza gehiago

Arriaga Antzokian, musikal handi eta zirraragarri bat, hildako bat berpizteko gai dena, izango dugu ikusgai Gabon hauetan. Mel Brooksen Frankenstein Gaztetxoa da, 1974ko izen bereko filmean oinarritutako ikuskizuna, hain zuzen ere. Arriagako karteldegia beteko du abenduaren 19tik 29ra, Gabon dibertigarriak ziurtatzeko.

Gainera, abenduaren 30ean, egileen rockari lotutako artista ospetsuenetariko baten emanaldia izango da Arriagan, Quique Gonzalezena, hain zuzen ere. Artista handi honek Palabras vividas azken lana aurkeztuko die Bilboko ikus-entzuleei.

Azkenik, 2020ari ongietorria egiteko, Ali Baba y los cuarenta ladrones familientzako ikuskizuna izango da Arriaga Antzokian, 4 urtetik gorako haurrentzat gomendagarria. Urtarrilaren 3tik 5era bitartean, Mila gau eta bat gehiago ipuin tradizionalaren egokitzapena eskainiko da, haurren abesbatza, abeslariak eta orkestra eta guzti. OLBE-Txiki programaren proposamen berria da, OLBEk Arriaga Antzokiarekin elkarlanean bultzatutakoa.

Abenduaren 5ean, 19:00etan, BilbaoArtek 2019an bekadun izan diren artisten erakusketa kolektiboa inauguratuko du. Hala, zentroko erakusketa-aretoak, estudioak eta bestelako gelak hainbat diziplina eta jatorritako 22 proposamen artistikoz beteko dira. Arte arloko hainbat diziplinatan adituak diren hiru profesionalek osatutako epaimahai batek espazioak zeharkatu eta proiektuak ebaluatuko ditu abenduaren 13an, eta hautatutako artistak izango dira Urazurrutia Aretoko bakarkako erakusketetako protagonistak 2020an.

Abenduaren 9tik 13rako astean, 17:30etik 19:30era, artista parte-hartzaileek beren lan prozesuari eta proposamenari buruzko hitzaldiak emango dituzte (lauzpabost egunean).

Gainera, Bilbao Musikaren bitartez, Udalak hainbat diziplinarekin lotutako musika jarduera batzuk antolatu ditu:

- Bilboko Udal Bandaren kontzertua, "Sentsazioen musika". Abenduaren 1ean, igandean, 12:00etan, Euskalduna Jauregian.

- Kantu entzunaldia. Abenduaren 4an, asteazkenean, 19:45ean, La Galera auditorioan.

- Combos kontzertua. Abenduaren 9an, astelehenean, 19:00etan, Bilborocken.

- Musika erromeria eta dantza tradizionala. Abenduaren 10ean, asteartean, 19:00etan, Bilborocken.

- Entzunaldi sinfonikoa. Abenduaren 11n, asteazkenean, 19:45ean, La Galera auditorioan.

- Kantu entzunaldia. Abenduaren 12an, ostegunean, 18:30ean, La Galera auditorioan.

- Piano entzunaldia. Abenduaren 16an, astelehenean, 19:45ean, La Galera auditorioan.

- Udal Musika Eskolako taldeen Gabonetako kontzertua. Abenduaren 17an, asteartean, 19:00etan, Campos Eliseos antzokian.

- Bilboko Udal Txistulari Bandaren Gabonetako kontzertua. Abenduaren 18an, asteazkenean, 19:30ean, Euskalduna Jauregian.

- Jam Session. Abenduaren 19an, ostegunean, 19:30ean, HIKA ATENEOn.

- Akordeoi entzunaldia. Abenduaren 20an, ostiralean, 19:00etan, La Galera auditorioan.

- Bilboko Udal bandaren kontzertua, "Sentsazioen musika". Abenduaren 22an, igandean, 12:00etan, Euskalduna Jauregian.

Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbaok "Gabonak arte" programa jarri du abian beste urte batez, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra. Haurrei eta familiei zuzendutako jarduera eta esperientzia artistikoen eskaintza zabala da. Programak belaunaldien arteko ekintza, errespetua eta aniztasunarekiko tolerantzia sustatzen ditu, haurrentzako eta haien ingurukoentzako jolas- eta dibertimendu-ingurune batean.

Bilbao

Gabonetan euskaraz

Gazteenentzako jardueren artean, Bilboko Udalak, Azkue Fundazioarekin elkarlanean, "B-Tuber. Youtuber izarren bila!" tailerra antolatu du. Tailerra bertan erroldatuta dauden 11 eta 13 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzen, editatzen eta zabaltzen ikasteko eta YouTubera modu erraz eta seguruan igotzeko aukera izango baitute.

Saioak euskaraz eta doan emango dira Gabon garaian, eta bi mailatan banatuta egongo dira: hastapena eta hobekuntza.

Tailerrak 8 ordukoak izango dira, 4 orduko 2 saiotan banatuta, 09:30etik 13:30era, Euskararen Etxean: abenduaren 26an eta 27an, urtarrilaren 2an eta 3an, hastapen-maila, eta abenduaren 2an eta 3an, hobekuntza-maila.

Izena emateko epea abenduaren 8ra arte egongo da zabalik. Bertan parte hartu nahi dutenek www.bilbao.eus webgunean eman dezakete izena.

Gabonetako 57 zuhaitzek hiriburua apainduko dute

Gabonetako giroa sortzeko, 57 zuhaitz apainduko dituzte Bilboko auzo guztietan: zuhaitz horietako 16 artifizialak izango dira, eta gainerako 41ak, berriz, Gabonen harira apaintzen dituzten zuhaitzak izango dira.

Horrela, 1. barrutian, Gabonetako 7 arbola jarriko dituzte Arangoiti, Ibarrekolanda, San Inazio-Elorrieta eta Deustu-Erribera auzoetan. Bestalde, 2. barrutian, 5 zuhaitz apainduko dituzte Matikon, Uribarrin, Castañosen eta Zurbaran-Arabellan. 3. barrutian, Otxarkoagak eta Txurdinagak izei artifizial bana apainduko dute. 4. barrutian, berriz, Boluetan, Begoñan eta Santutxun apainduko dituzte zuhaitzak.

Gabonetako 15 zuhaitz apainduko dituzte Atxuri, Bilbo Zaharra, Iturralde, Miribilla, San Frantzisko, Solokoetxe, Zabala, Buia, Abusu, San Adrian eta Zazpikaleak auzoek osatzen duten 5. barrutian. Halaber, 6. barrutian, 2 zuhaitz artifizial jarriko dituzte Indautxun eta Abandon; 7. barrutian, berriz, 11 zuhaitz jarriko dituzte Ametzolan, Iralabarrin, Iturrigorri-Peñascalen eta Errekaldeberri-Larraskitun. Azkenik, 8. barrutiak 11 zuhaitz izango ditu apainduta Basurtun (1, ospitalearen parean) eta Zorrotzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Itsasadarra Bilbo Herriak eta Hiriak Bizkaia Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Bilbao Exhibition Centre Euskal musika Arriaga Antzokia Musika Gabonak Olentzero Gizartea Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Albisteak Kale antzerki egitaraua Aisia