Gizartea -

euskara

Euskararen inguruan adostasun sozial trinkoak eraikitzea da Kontseiluaren erronka

'Badugu inoizko adostasun sozialik handiena izan duen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, bideari ekiteko', esan zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Hernanin.

Kontseiluak, atzo, Hernanin egindako ekitaldia. Argazkia: Kontseilua.
Kontseiluak, atzo, Hernanin egindako ekitaldia. Argazkia: Kontseilua.
Kontseiluak, atzo, Hernanin egindako ekitaldia. Argazkia: Kontseilua.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hizkuntza politikaren gaia agendaren erdigunera ekarri, eta gizarte eragileak hizkuntza eskubideekin lotutako proposamen baten bueltan artikulatu eta aktibatu. Erronka hori jarri du mahai gainean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2020rako, eta bi jauzi emateko premia aldarrikatu du: "lehenik eta behin, hizkuntza-politiken inguruko adostasun sozialak eraikitzeko prozesu sendoa abian jarri, eta ondoren, adostasun politikorako jauzia egin".

'Urteko irakurketa' ekitaldian aurreratu zituen bere helburuak Kontseiluak, atzo, hainbat gizarte eragileren aurrean Hernanin egindako aurkezpenean. Besteak beste, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakaria eta Hernaniko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak izan ziren ekitaldian, sindikatuetako, alderdi politikoetako, hedabideetako eta euskalgintzako ordezkaritza zabal batekin batera.

Alde batetik, Kontseiluak 2019an hizkuntza-normalizazioari dagokionez zer eman duen azaldu zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: "Duela bi urte ekimen honekin hasi ginen iruditzen zitzaigulako denboraren abiadurak ez digula askotan aukerarik ematen egindakoak eta gertatutakoak modu pausatuan aztertzeko eta horrek etorkizunari begirako urratsa definitzea zailtzen digulako", azaldu zuen.

Aurrera begirako jardunari dagokionez, Bilbaok gogoratu zuen duela bi urte hizkuntza-politiken berrikuspena egin beharra agertu zutela, eta iaz, hizkuntza politiketan akordioak lortu beharra agerian geratu zela. "Horiei segida emanez, 2019a adostasun sozial eta politikoen norabidea zehazteko erabili du Kontseiluak", azaldu zuen.

"Badugu inoizko adostasun sozialik handiena izan duen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, bideari ekiteko. Hortaz, hurrengo urratsa, hizkuntza-eskubideen bermean jauzi kualitatiboa egiteko beharrezko neurrien gaineko adostasun sozial trinkoa lortzera jo nahi dugu 2020an", gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Hernani argazkiak Euskararen Nazioarteko Eguna EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskaraldia abestia 2025 Euskararen normalizazioa