Gizartea -
30. edizioa
EHUren Udako Ikastaroei hasiera eman diete lehendakariak eta Izagirrek
Elkarbizitzan aurrera egin behar duen gizartearen "birsorkuntza demokratikoan" Euskal Herriko Unibertsiateak duen papera goraipatu du Patxi Lopezek.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate berriak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Udako Ikastaroei hasiera eman diete gaur Gipuzkoako hiriburuko Miramar Jauregian. Dagoeneko 30. edizioa dute ikastaroek.
Besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako jarduneko diputatu nagusiarekin eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearekin atera duten familia argazkia, "euskal gizartearen aniztasunaren isla" dela esan du lehendakariak. "ETAren amaiera inoiz baino gertuago dagoen honetan, euskal unibertsitatea aniztasun horren gidari izan behar" dela errepikatu du.
Elkarbizitzan aurrera egin behar duen gizartearen "birsorkuntza demokratikoan" Euskal Herriko Unibertsiateak duen papera goraipatu du lehendakariak, baina "gertatutakoa ahaztu gabe, memorian, sortutako atsekabean eta iraganaren ikuspuntu kritikoan oinarrituz".
Donostiako Miramar Jauregira heldu den azken agintaria izan da lehendakaria. Gainerako agintariek hartu dute bertan. Besteak beste, Donostiako alkate (Bildu) berriaren eta Lopezen arteko aurreneko bostekoa eman da ekitaldian.
Anjel Lertxundi idazleak ''Begirada eta denbora'' izeneko ikasgaia irakurri du EHUko Udako Ikastaroen hasiera ekitaldian.
Indarkeria
"Indarkeria terroristak euskal gizartearen giza kapitalean kalteak eragin ditu", horregatik "totalitarismoa eta gorrotoa gure herrietatik kanporatzeko balioak beharrezkoak dira", Patxi Lopezen hitzetan.
"ETAren mehatxu etengaberik gabeko euskal gizarte bat sumatu daitekenean, elkarbizitza demokratikoa eta askatasuna lortzeko aurrerapausoak emateko" unea heldu da, erantsi du lehendakariak.
"Hitzaren, artearen eta kulturaren" bitartez, Unibertsitatea "apurtutako errealitatea" birmoldatzeko gai izatea espero du Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. "Gure herriaren garai berri honi egin diezaioken ekarpenik onena litzateke", gaineratu du.
Bestalde, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate berriak ikastaroetan parte hartuko dutenei ongietorria eman die. Ikastaroetako programek "erreflexiorako deia" egiten dutela nabarmendu du: "Etengabe aldatzen ari dren mundu honen inguruko erreflexioa egiteko programa da", esan du.
Donostiako alkate berriaren hitzetan, "Euskal Herria eta Donostia mundura zabalik daude; ideiak trukatzeko eta entzuteko eta beste pertsonekin elkartzeko prest" daudela agerian uzten dute ikastaroek.
Markel Olano Gipuzkoako foru ahaldun nagusiak ikastaroetako arduradunen lana goraipatu du; izan ere, "erreferentzia-puntu bihurtu dira eta gero eta garrantzi handiago dute".