Gizartea -
Salaketa
Desgaitasuna duten hamar euskal herritarretik hiruk bakarrik dute nomina bat
Fekoorrek gogora ekarri duenez, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, kontratatutako langileen % 2k desgaitasunen bat izan beharko lukete, baina ez da betetzen.
Agentziak | Erredakzioa
Desgaitasuna duten hamar euskal herritarretik hiruk baino ez dute nomina bat. Arrazoi horregatik, kolektibo hori osatzen duten pertsonei kontratu mugagabeak edo behin-behinekoak egiteko "apustu sendoa" eskatu die astearte honetan Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak enpresei.
Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, elkarte horrek Bilbon aurkeztu dituen datuek erakusten dute 82.400 euskal herritarrek desgaitasunen bat aitortuta dutela, eta, horrez gain, lan-merkatuan sartzeko adina dutela (16-64 urte).
Guztira, desgaitasunen bat duten 27.356 pertsona daude lanean Euskadin nomina batekin, eta horietako askok (ia 10.000) enplegu-zentro berezietan egiten dute lan.
Fekoorrek gogora ekarri duenez, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, kontratatutako langileen % 2k desgaitasunen bat izan beharko lukete, baina "Administrazioan ere ez da lortzen" hori betetzea.
Ildo horretatik, desgaitasuna duten pertsonak gizartean "baldintza berdinetan" egoteko aukera izatea aldarrikatu du Alfredo Gomez elkarte horretako presidenteak, eta kolektibo horri "eskubide eta betebehar berdinekin bizitza autonomoa garatzea ahalbidetuko dioten neurri zehatzak" eskatu ditu.