Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Emazteari eta alabari eraso egiteagatik gizon bat atxilotu dute Bilbon
Bilboko Udaltzaingoak 60 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo, urtetan emazteari eta alabari tratu txarrak eman izana egotzita. Antza, mehatxu egin zion emazteari dibortzioa sinatu ez zezan.
Erredakzioa
Bilboko Udaltzaingoak 60 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo emazteari eraso egitea leporatuta. Antza, emakumeak gaur sinatu behar zituen dibortzioaren paperak eta hori ekiditeko mehatxatu egin zuen. Emazteak eta bikotearen alabak urtetan tratu txarrak jasan dituztela adierazi zieten agenteei.
Gertakaria atzo gaueko 23:30 aldera jazo zen. Larrialdi Zerbitzuek agenteei Santa Klara kaleko etxebizitza batera joateko eskatu zieten gizon bat bere emazteari eraso egiten ari zela esanez.
Agenteek 51 urteko emakumea urduri eta negarrez topatu zuten. Gizonak urtetan tratu txar fisikoak eta psikologikoak eman zizkiola deklaratu zien agenteei eta atzo, dibortzioaren paperak sinatu ez ditzan gogor egin ziola mehatxu salatu zuen.
Bikotearen alabak, 21 urteko neska gazteak, bera ere aitarengandik jasotako tratu txarren biktima izan zela adierazi zuen.