Gizartea -

Bizkaia

Gizon bat atxilotu dute Karrantzan etxeko leihotik errifle batekin tiro egiteagatik

Ertzaintzak errifle bat eta hiru munizio kutxa aurkitu ditu atxilotuaren etxean. Ez da inor zauritu.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

33 urteko gizon bat atxilotu dute Karrantzan (Bizkaia) errifle batekin hainbat tiro egin izana egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, ez da inor zauritu.

Bart, Ertzaintzak abisu bat jaso du Karrantzako Kontxa auzoko etxe bateko leiho batetik suzko arma batekin egindako tiro-hotsak entzun direla ohartarazteko.

Herritarren babeserako patruilak iritsi direnean, eta ertzain erretiratu baten laguntzari esker, kalean topatu dute susmagarria. Armarik ez daukala esan, eta tirorik egin izana ukatu du hasiera batean gizonak.

Haren etxea miatu dutenean, baina, ertzainek errifle bat topatu dute armairu batean gordeta. Armaz gain, munizio kutxa bat eta erabilitako bala-zorroz betetako beste bat aurkitu dituzte. Gainera, gau-mahai baten gainean, hutsik zegoen antzeko kutxa bat aurkitu dute, eta ohe azpian, berriz, erabilitako sei bala-zorro.

Armak behar dituen dokumentuak ez zituela egiaztatu eta gero, erriflea eta munizio guztia konfiskatu dizkiote eta atxilotu egin dute desordena publikoak eta armak zilegi ez den moduan edukitzea egotzita.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutako argitzeko, eta atxilotua Balmasedako epailearen esku utzi du, beharrezko polizia-eginbideak egindakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Enkarterri gaur