Gizartea -
Gertakizuna
Bi pertsona hil dira Coruñako San Joan gauean
Mutil bat hiru metroko sutzar batean erorita hil da, eta beste bat uretatik atera eta gero.
Erredakzioa
San Joan Gauak tragedia ekarri du Coruñara (Galizia), bi pertsona hil baitira ospakizunetan. Bat, sutzar batean erorita, eta beste bat, uretatik erreskatatu eta gero.
Lehen ezbeharra Labañou auzoan gertatu da. Bertan, mutil bat "sutzar txikien" gainetik salto egiten ari zen, baina ondoren 3 metroko batean erori da, eta ezin izan dute handik atera.
Biktimaren auzokideek azaldu dute 22 urtekoa eta brasildarra zela, baina Coruñan luze zeramala bizitzen.
Babes Zibilak 00:20an izan zuen gertakizunaren berri, eta Espainiako Polizia, Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu ziren.
Bigarren ezbeharra 08:30ean jazo da, Orzan hondartzan. Ordu horretan, bi gazte uretan zeuden, eta horietako batek laguntza eskatu du.
Gazteetako bat uretatik atera da, baina bestea erreskatatu behar izan dute. Bizirik atera duten arren, hil egin da handik eta gutxira.
San Joan gaua oso berezia da Coruñan, eta urtero hamarka mila pertsona biltzen ditu, batik bat Riazor eta Orzan hondartzetan.