Gizartea -
Trafikoa
Abiadura muga 120km/h-an berrezartzea erabaki du Gobernuak
Erabakia petrolio upelaren prezioaren jaitsierak eragin du, 115 dolartatik 106 dolarrera. Rubalcabaren arabera, 450 milioi euro aurreztu dituzte.
Erredakzioa
Autobideetako abiadura muga 120 km/h-an berrezartzea erabaki du Gobernuak uztailaren 1etik aurrera, Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteorde eta Barne ministroak jakitera emandakoaren arabera.
Rubalcabak Ministro Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan azaldu duenez, neurria "zentzurik gabe" geratu dela uste dute Brent upelaren prezioa 106 dolarrean dagoelako, eta ez 115 dolarrean, martxoan bezala.
Ministroaren arabera, gaiak eztabaida sutsua piztu du Ministro Kontseiluan, baina ez du aldeko edo kontrako argudioen xehetasunik eman.
Iragan martxoaren 7an, Gobernuak abiadura muga 110 km/h-ra aldi baterako murriztea erabaki zuen –hasiera batean ekainaren 30a arte- ipar Afrikako iraultzek petrolioa garestitu eta energia murriztu nahian.
Rubalcabaren hitzetan, neurri horri esker, 450 milioi euro aurreztu dira eta gainera eztabaida positiboa eragin du gizartean, "jendeak badaki orain autoarekin azkar ibiltzeak ingurugiroa kutsatzen duela eta arriskuak reagiten dituela".
Gidariek erabakia gustura hartu dute
Gidarien klub eta elkarte nagusiek Gobernuaren erabakia goratu dute. Hala ere, Efe albiste agentziak kontsultatutako iturrien erabera, abiadura murrizteko neurriak ez ditu helburuak erdietsi, izandako aurreztea errepideetan auto gutxiago ibiltzearen ondorioa izan delako, eta ez abiadura muga murriztearena.