Gizartea -

Denboralea

Lagun bat hil da euri eta haize denboralearen ondorioz Euskal Herrian

Ezbeharra Ilharren gertatu da. Haizeak botatako zuhaitz bat gainera erori zaio gizonari. Nafarroan uholdeak izan dira. Haize ufadek kalteak eta argindar mozketak eragin dituzte herri eta hirietan.

Uholdeak izan dira Huarten. Argazkia: EFE
Uholdeak izan dira Huarten.
Aurrikuspenak gaindituta, hainbat ibaik gainezka egin dute Nafarroan

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri eta haizen denboralearen ondorioz 72 urteko gizon bat hil da ostiral honetan Ilharren (Nafarroa Beherea).

Ezbeharra D-134 errepidean gertatu da, zuhaitz batek gidatzen ari zen autoa bete-betean harrapatu duenean, France Bleu irratiak jakinarazi duenez.

Halaber, euri eta haize denboraleak hamaika arazo eragin ditu ostiral honetan Euskal Herrian: lur-jausiak, zuhaitzak errepidean, uholdeak, bideak itxita, istripuak… Gainera, hainbat pertsona artatu behar izan dituzte osasun zentroetan erorikoengatik.

Gipuzkoan, suhiltzaileek 44 irteera egin behar izan dituzte. Bidasoa izan da eskualderik "kolpatuena".

Horrez gain, Elgeta eta Eibar arteko errepidea itxi egin behar izan dute, lur-jausi bat izan delako eta ur-putzu handiak pilatu direlako.

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Getarian, N-634 errepidean, lurjausia izan da eta bidea itxi dute goizean eta horrek pilaketak eragin ditu.

Aipatu errepidea, Zumaia eta Getaria artean itxita egongo da haize ufadengatik kostaldean ezarritako alerta laranja indarrean dagoen bitartean.

Hondarribian, zuhaitz bat erori da N-636 errepidera eta auto-ilarak sortu dira. Puntal inguruan ere beste bi zuhaitz jausi dira.

BIDEOA | Haize ufada bortitzek kalte handiak eragin dituzte, Donostian eta Irunen batez ere

Haize ufada bortitzek kalte handiak eragin dituzte, Donostian eta Irunen batez ere
Haize ufada bortitzek kalte handiak eragin dituzte, Donostian eta Irunen batez ere
Haize ufada bortitzek kalte handiak eragin dituzte, Donostian eta Irunen batez ere

1:21

Donostian, haize ufada bortitzek arbolak, semaforoak, farolak eta kontainerrak bota dituzte. 200 bat intzidentzia izan dira guztira.

Zirkulazioan ere arazoak izan dira, baina dagoeneko konponduta daude.

Kostaldean ezarritako alerta laranja dela eta, Donostian ondoko kale eta pasealekuak itxita daude: Pasealeku Berria, Salamanca Pasealekua (Jauregi Jenerala kaletik), Adama kalea, Leizaola Pasealekua eta Kursaaleko zubia.  

Halaber, Zurriola, Kontxa eta Ondarretako hondartzetarako sarbide guztiak itxita daude. Haizearen Orrazia eta Pico del Loro begiratokia ere zarratuta daude.  

Bestalde, Arrasaten, Pesa konpainiaren garajearen atzealdean lurjausia izan da eta bost autobusek kaltean jasan dituzte. Ezbeharra 08:10 inguruan jazo da. Ez da zauriturik izan.

Euskotrenen zerbitzuan ere izan dira eragozpenak, besteak beste, Ficoba eta Hendaia artean, eta Loiolan. Azken puntu horretan, goizaldeko 05:15 aldera, hesi metaliko bat erori da trenbidera.

Lau langile jaitsi dira trenetik, hesia erretiratzeko asmoz, baina haize ufada baten ondorioz hesia ezustean gainera etorri zaie. Hiru behargin zauritu egin dira eta artatu egin behar izan dituzte.

AP-8 autobidean zirkulazio arazoak izan dira, errepidera erori diren zuhaitzen eraginez.

BIDEOA | Haize bortitzak kalte handiak eragin ditu Bizkaiko kostaldean

Haize bortitzak kalte handiak eragin ditu Bizkaiko kostaldean
Haize bortitzak kalte handiak eragin ditu Bizkaiko kostaldean
Haize bortitzak kalte handiak eragin ditu Bizkaiko kostaldean

1:21

Bizkaian, hainbat errepide itxi behar izan dituzte ufada bortitzek arbolak bidera bota eta gero. Suhiltzaileek gutxienez 70 irteera egin behar izan dituzte.

Arazorik azpimarragarrienak Bermeo-Mungia eta Sukarrieta-Mundaka errepideetan izan dira goizaldean.  

Horrez gain, aipatzekoa da Barakaldon eraikin bateko fatxada bota duela haizeak. Azpian haurtzaindegi bat dago eta adreiluak kalera erori dira. Hori dela eta, Udaltzaingoak segurtasun-hesia jarri behar izan du. Zorionez, ez da zauriturik izan.

Bilbon ere hamaika arazo eragin dituzte ufadek. Suhiltzaileek zuhaitzak eta bestelako elementuak erretiratu behar izan dituzte errepide, espaloi eta plazetatik.

BIDEOA | Hainbat ibaik gainezka egin dute Nafarroan

Aurrikuspenak gaindituta, hainbat ibaik gainezka egin dute Nafarroan
Aurrikuspenak gaindituta, hainbat ibaik gainezka egin dute Nafarroan
Aurrikuspenak gaindituta, hainbat ibaik gainezka egin dute Nafarroan

1:23

Nafarroan, ibaiek hainbat puntutan gainezka egitea eragin du euri-jasak. Iruñerrian, esaterako, suhiltzaileek emakume bat eta hiru lagun erreskatatu behar izan dituzte. Lehendabizikoa etxean geratu da harrapatuta, eta gainerakoak, euren ibilgailuetan.

Arga ibaiak gainezka egin ostean, Iruñerrian zirkulazio arazoak izan dira. Arratsaldean, baina, ur-emaria behera egiten hasi da.

Halaber, urak ibaiaren inguruan aparkatuta zeuden hainbat ibilgailu eraman ditu aurretik.

14.000 bezero argindarrik gabe

Bestalde, haize denboralearen ondorioz Iberdrolaren 14.000 bezero argindarrik gabe geratu dira Bizkaian. Iluntzean, kaltetuak 4.900 dira, Ea, Ibarrangelu, Muxika, Munitibar eta Ispaster ingurukoak gehienak.

Konpainiak ohar bidez azaldu duenez, goizean goizetik 280 langile ari dira beharrean ufada bortitzek eragindako arazoak konpontzeko, eta horretarako Araba, Nafarroa, Errioxa, Burgos eta Soriako lantaldeen laguntza eskatu dute.

Haizetearen ondorioz  mendialdean eroritako zuhaitzek eta adarrek eragin dute herritarrak argindarrik gabe geratu izana.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Denboraleak Eguraldia Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak