Gizartea -

Peter Falk

Colombo detektibea hil da 83 urte zituela

Peter Falk aktorea goizaldean hil da Beverly Hillsen. Zahartzaroko dementzia zuen Falkek. Colombo detektibearen papera egiteagatik lau Emmy irabazi zituen aktoreak.

Peter Falk aktorea, Colombo detektibea. Argazkia: EFE
Peter Falk aktorea, Colombo detektibea
Peter Falk aktorea, Colombo detektibea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peter Falk aktorea, Colombo telesailaren protagonista, hil da goizaldean, Beverly Hillsen (Los Angeles, Kalifornia), 83 urte zituela, senideek KNX-1070 irrati lokalari jakinarazi diotenez.

Heriotzaren arrazoiaren berririk ez dute eman momentuz. Aktoreak zahartzaroko dementzia zuen.

Colombo detektibearen papera egiteagatik lau Emmy irabazi zituen Falkek, eta 1961ean eta 1962an Oscar sarietarako izendapena jaso zuen Un gángster para un milagro eta El sindicato del crimen filmengatik.

Era berean, Colombo telesailean egindako lanagatik Urrezko Globoetarako 10 izendapen jaso zituen, eta 1973an saria irabazi zuen.

Una mujer bajo la influencia (1974), El cielo sobre Berlín (1987) edo La princesa prometida (1987) pelikuletan izandako paperak bere bizitzako garrantzitsuenak izan dira.

Gatazka judiziala

AEBetako aktorea emaztearen zaintzapean geratu zen 2009ko ekainean, Los Angeleseko epaile batek ezindutzat jo baitzuen zahartzaroko dementzia zuelako.

Shera Danese Falken bigarren emazteak aktorearen zaintza lortu zuen, Catherine Falken alabatzakoarekin gatazka judiziala izan eta gero.

Zahartzaroko dementzia 2005ean diagnostikatu zioten Falki, eta 2007an eta 2008an hortzetako eta aldakako ebakuntzak egin eta gero okerrera egin zuen.

American Cowslip (2009) filman azken papera izan zuen aktoreak, Val Kilmerrekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea