Gizartea -
Alerta laranja
Donostia eta Bilbo, 'Elsa'ren haizeari aurre egiteko prest
Gipuzkoako eta Bizkaiko hiriburuek parkeak itxiko eta ekitaldiak bertan behera utziko dituzte haize bolada gogorrengatik, 120 km/h abiadurara iritsiko direla espero baita.
agentziak | erredakzioa
Elsa denboraleak haize gogorrak ekarriko ditu ostegun gauera arte, eta horri aurre egiteko prestatzen ari dira gure herri eta hiriak.
Donostiako Udalak gaurko gauerditik hartuko ditu neurriak, parkeak itxiko baititu haizeagatik ezarritako alerta laranja dela eta.
Udalak prentsa-ohar batean azaldu duenez, ostiraleko 08:00ak arte erabat itxita egongo dira Cristina Enea, Serafin Baroka eta Memoriaren parkeak.
Bestalde, Aieteko parkean kultur-etxera eta zahar-etxera soilik joan ahalko da, eta Urgull itxita egongo bada ere, Orixe ikastolarako bidea irekiko dute, Miramarko parkearen kasuan bezalaxe.
Gainera, Eguberriko Merkatuko karpako jarduera guztiak bertan behera geratuko dira ostegun honetan.
Bestalde, Bilboko Udalak adierazi du ez dutela jarduerarik egingo bihar egun osoan Areatza inguruan, ezta izotz pistan ere, itxita egongo baita publikoarentzat.
Bizkaiko hiriburuko Udalak aholkuak helarazi dizkie herritarrei: ixteko ate eta leihoak; kentzeko lorontziak eta esekitokiak; erlaitzetatik, murruetatik, zuhaitzetatik, iragarki hesietatik eta lanak egiten ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinetatik urruntzeko; errepideko joan-etorriak saihesteko edo arreta areagotzeko; eta ostalariei kalean dituzten toldoak, mahaiak edo ezarrita ez dauden guztiak kentzeko.