Gizartea -

Eguraldia

Haize-ufadek 130 km/h-ko abiadura gainditu dute

Goizaldean, orduko 100 kilometroko abiadura gainditu duten haize-ufada handiak izan dira gure lurraldean. Alerta laranja ezarrita dago gaur haizeagatik.

Emakume bat, Iruñean. Argazkia: EFE
Emakume bat, Iruñean.
Emakume bat, Iruñean. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalmetek 133 km/h-ko abiadura harrapatu duten haize-ufadak neurtu ditu azken orduetan Karrantzan (Bizkaia). Ildo horretan, haizeagatik egun osoan indarrean egongo diren alerta laranjak ezarri dituzte gaur, osteguna, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan.

Matxitxako lurmuturrean, adibidez, 120 km/h-ko abiadura gainditu zuen haizeak atzo arratsaldean, eta, Oizen, 103 km/h-ko abiadura harrapatu zuten haize-ufadek. Deustun, 81 km/h-ko haize-boladak neurtu zituzten egunaren bigarren partean.

Ostegun honetan ere, haize-ufada handiak izan dira goizaldean, eta 100 km/h-ko abiadura gainditu dute gure lurraldeko hainbat tokitan. Halaber, goizeko lehen orduan, Ordunten 94 km/h-ko abiadura izan dute maximoek, eta Berastegin, 84 km/h-koa.

Nafarroako isurialde atlantikoan, Aemetek 70 km/h-ko haize-boladak neurtu ditu azken orduetan, eta 80 km/h-koak, Nafarroako Pirinioetan eta Erriberan. Datozen orduetan, 110 km/h-ko ufadak espero dira Nafarroako isurialde atlantikoan, erdialdean eta Nafarroako Pirinioetan.

Datozen orduetan haize-ufada handiak espero direnez, Nafarroako Suhiltzaileek errepidean arreta handiz ibiltzea gomendatu dute, eta balkoietan eta leihoetan ezer ez uzteko. Halaber, zuhaitzak dauden guneetatik paseatzeko orduan kontuz ibiltzeko eskatu dute, eta edozein ezbeharren aurrean, berehala abisatzeko.

Bestalde, erlaitz, horma, zuhaitz edo publizitate hesietatik urruntzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Halaber, alerta laranja indarrean dagoen bitartean, autoa ez hartzeko gomendatu du, eta, errepideetatik joan-etorriak egin behar izatekotan, kontu handiz ibiltzeko.

Hala, ohar batean zabaldu dituen prebentzio-neurriak hartzeko eskatu die Jaurlaritzak herritarrei, hala nola loreontziak balkoietatik kenduz eta ateak eta leihoak itxiz. Kalean egonez gero, alerta laranja indarrean dagoen bitartean, eta behar-beharrezkoa ez bada, mendira ez joateko eskatu die herritarrei. Nahitaez joan behar izanez gero, berriz, arretaz ibiltzeko eta babes-neurriak hartzeko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak