Gizartea -
Hilketa bikoitza Portugaleten
Portugaleten ama eta anaia hil dituela aitortu du
Astearte honetan 18 urte beteko ditu ustezko hiltzaileak. Bere burua Udaltzaingoan entregatu du ama eta anaia hil dituela aitortuz. Hilketak gaitzesteko ekitaldi bat deitu dute astearterako.
Erredakzioa
Gertakari izugarria Portugaleten: 17 urteko gazte batek ama eta anaia hil ditu. Ertzaintzak 10:30 inguruan aurkitu ditu gorpuak Federico Garcia Lorca kaleko etxebizitza batean. 13:20 inguruan, biktimaren semeetako bat Sestaoko Udaltzaingora joan da eta hilketa bikoitzaren egilea bera dela aitortu du eta atxilotu egin dute.
Gazteak bihar beteko ditu 18 urte baina Herrizaingo Sailetik azaldu dutenez, momentuz bihar adin txikikoen Fiskaltzaren esku utziko dute. Polizia-iturriek azaldu dutenez, aitak eman du lehen abisua. Goizean osasun-zentrora joan da eta etxera itzultzean ezinezkoa egin zaio atea irekitzea eta emazteari deitu dio sakelako telefonora, baina honek erantzuten ez zionez, Ertzaintza ohartarazi du. Etxe horretan gurasoak eta haien hiru seme-alabak bizi ziren. Aipatu iturrien arabera, alaba nagusia okindegi batean lanean ari zen eta 17 urteko semea kalera joanda zegoen.
Ertzaintza 10:30 inguruan bertaratu da Repelega auzoan, Federico Garcia Lorca kalean, dagoen etxebizitzara eta bi hilotzak aurkitu ditu. Sute txiki bat ere izan da. Antza, erasoaren unean emakumea sukaldatzen ari zen.
Mikel Torres alkateak jakitera eman duenez, Ertzaintzak eraikina itxi du eta Polizia zientifikoa frogak bilatzen ibili da. Zonalde horretako kontainerrak ere zigilatu egin dituzte, hiltzaileak erabilitako arma aurkitzeko asmoz. Herrizaingo Sailetik iragarri dutenez, Ertzaintzak zer gertatu ote den zehaztasunez jakiteko ikertzen jarraitzen du.
Hilketak gaitzesteko
Portugaleteko alkateak bi hilketak gaitzesteko ekitaldi bat deitu du astearterako, agiri baten bidez adierazi duenez.
Herritar guztiei zabaldutako ekitaldia izango da Solar plazan egingo da 20:00etan.