Gizartea -

Gabonetako Loteria

Gabonetako Loteriaren zozketa hasi da jada Madrilgo Errege Antzokian

Eguberrietako Loteriaren berrikuntzetako bat da aurten igo egin dela lortutako sariengatik zergak ordaintzetik salbuetsitako kopurua, 20.000 eurora arte.

2019ko Gabonetako Loteria. Argazkia: EFE
2019ko Gabonetako Loteria.
2019ko Gabonetako Loteria. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero bezala, 2019ko Gabonetako Loteriaren Ezohiko Zozketa 09:00ak aldera hasi da Madrilgo Errege Antzokian, baina ordubete lehenago ireki dituzte ateak, ostiral goizaldetik ilara egin duten herritarrei sarrera ahalbidetzeko.

Hala, dagoeneko zortea banatzen hasi dira San Ildefonsoko umeak, hainbat hilabetetako entseguen ondoren. Noura Akrouh eta Elizabeth del Carmen Roque lehen taulako zenbakiak eta sariak kantatzen hasi dira, eta Santo Daniel de Leon eta Bileiky Lisselot bolak ateratzen.

Guztira, 2.380 milioi euro banatuko dituzte saritan. Sari nagusia lortzen dutenek 400.000 euro jasoko dituzte dezimo bakoitzeko. Bigarren sariak, berriz, 125.000 euro banatuko ditu dezimoko, eta hirugarrenak 50.000 euro dezimoko. Bi laugarren sari egongo dira jokoan (20.000 euro dezimo bakoitzeko) eta bosgarren sariak zortzi izango dira (6.000 euro dezimoko). Bestalde, 1.794 zenbakik dezimoko 100 euroko saria jasoko dute.

Ateak ireki eta ordu erdira, zozketaren hasiera gidatu eta baimentzen duen mahaia osatu dute. Bertaratutakoek taula guztiak egiaztatu ahal izan dituzte, eta erositako zenbakia bertan dagoela ikusi ahal izan dute.

Bi bonboak, bata 100.000 zenbakirekin eta bestea 1.807 sarirekin, zortea banatzeko prest daude atzo gauetik agertokiaren erdian.

Dena prest zegoela egiaztatu ondoren, bonboak itxi dituzte, eta zenbakiak eta sariak ateratzen hasi dira San Ildefonso Barne Egoitzako haurrak.

Eguberrietako Loteriaren berrikuntzetako bat da aurten igo egin dela lortutako sariengatik zergak ordaintzetik salbuetsitako kopurua, 10.000 eurotik 20.000 eurora arte, hain zuzen ere. Horrek mesede egingo die kopuru hori baino gutxiago irabazten dutenei. Kopuru horretatik aurrera, % 20ko atxikipena aplikatzen da.

Gehien jokatzen dutenentzat, datu batzuk kontuan hartu behar dira: Gabonetan egindako 208 zozketetatik, sari nagusia 64 aldiz egokitu zaie 0tik 10.001era bitarteko zenbakiei, 73 aldiz 10.001etik 30.000ra bitarteko zenbakiei eta 72 aldiz 30.001etik 99.99ra bitarteko zenbakiei.

Azken zifra gisa gehien saritu duten zenbakia bosta izan da: 32 aldiz, baina inoiz ez da 25ean amaitu. Ondoren, laua izan da, 27 aldiz, eta seia, beste horrenbeste aldiz. Gutxien errepikatu den azken zifra bata izan da, eta atzetik datoz bia eta bederatzia.

Espainiako Ogasun Ministerioak 175 milioi euro bilduko ditu aurten sariei esker, iaz baino 13,6 milioi gutxiago, salbuetsitako gutxienekoa 20.000 eurora igo delako. Horrela, diru-kutxa publikoentzako "gabonsaria" % 7,2 txikiagoa izango da.

Gabonetako Loteriaren zozketaren salmentak 156.236.560 eurokoak izan dira Euskadin, iaz baino % 3,12 gehiago. Batez beste, euskal herritar bakoitzak 71,05 euro jokatu ditu loterian, Estatuko batez bestekoaren gainetik (62,20 euro).

Espainian, Gabonetako zozketarako salmentak 2.900 milioi eurotik gorakoak izan dira, hau da, 2018koak baino % 3,09 gehiago.

Aurten salmentek gora egin dute autonomia erkidego guztietan, eta igoerarik handienak Kanarietan (% 6,87) eta Melillan (% 6,76) izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gabonetako loteria Bilbo Iruñea Bizkaia Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Loteria