Gizartea -
Migratzaileak
'Ocean Viking' itsasontzian dauden 159 pertsonak gaur lehorreratuko dira Taranton
Emakume bat eta bere semea helikopteroz eraman dituzte azken orduetan. Erreskatatuak izan diren pertsona gehienak Libiako atxilotze zentroetatik ihes egindakoak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oraindik 'Ocean Viking' itsasontzian dauden 159 pertsona Taranton lehorreratuko dira. Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) eta SOS Mediterranee GKEk kudeatzen dute erreskate ontzia.
Igandean eman zuen berria Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak Twitterren: "Erreskatatutako 159 pertsonei 'Ocean Viking' itsasontzia, bihar, Taranton (Italia) lehorreratu ahalko dela jakinarazi diete"
Berria jaso zutenean itsasontzia Sizilia ekialdean zegoen, eguraldiaz babesteko eta portu seguru batean lehorreratzeko baimenaren zain. Itsasontzian dauden lagunen artean haurdun dauden bost emakume eta zortzi haur daude.
"41 adin txikiko daude itsasontzian, horien artean zortzi haur hauek. Egoera egonkortu den arren, autoritate eskudunei, ahal bezain laster, portu seguru bat emateko eskatu diegu", adierazi zuen itsasontzian dagoen Aloys Vinard-ek, Mugarik Gabeko Medikuak GKEko koordintzaileak. Adierazpen horiek egin eta ordu gutxira, behaketa medikuan zegoen emakume bat eta haren semea lurrera eraman dituzte, helikopteroz.
Koordinatzaileak baieztatu du erreskatatutako pertsona gehienak Libiako atxilotze zentroetatik ihes egindakoak direla: "Euren ongizaterako ihesaldiak dituen arriskuez jakitun dira eta asko larritzen gaitu. Egoera oso larria da, neguan gaude, bete-betean, eta hala ere Libiatik ihes egiten dute".
Ostiralean 112 lagun erreskatatu zituzten Libiako mendebaldetik 23 miliatara, tartean 24 emakume (hiru haurdun) eta 38 ume (batzuk hiru hilabetekoak). Larunbatean, zortzi orduz bila ibili ostean, beste 62 lagun erreskatatu zituzten Maltako salbamendu gunean.