Gizartea -
Urbi eta Orbi
Aita santuak gerra eta jazarpenaren biktimak izan ditu gogoan Eguberri eguneko mezuan
Besteak beste, Ekialde Hurbila, Latinoamerika eta Afrikako gatazkak izan ditu hizpide, eta aipamen berezia egin die jazarpenaren biktima diren kristauei.
Agentziak | Erredakzioa
Ekialde Hurbilean eta Afrikan gerrak pairatzen dituzten herritar guztien alde otoitz egiteko eskatu du Frantzisko aita santuak Eguberri Eguneko mezuan. Halaber, herrialde horietan talde terroristen erasoak jasaten dituzten biktimak, migratzaileak eta Latinoamerikako gatazka politiko eta sozialak ere izan ditu gogoan asteazken honetan.
Isaias profetaren hitzak gogora ekarriz, han eta hemen gerra eta bidegabekeriak jasaten dituztenen “iluntasunak” egon arren, Kristoren argia handiagoa dela ziurtatu du aita santuak Gabonetako mezuan. Hala, Frantziskok bakearen aldeko deia egin du, eta "bizitza seguru baten itxaropenarekin hilerri bihurtutako basamortuak eta itsasoak zeharkatzera behartuta dauden herritarrak” gogora ekarri ditu, horietako migratzaile askok “axolagabekeriaren harresiarekin topo egiten baitute”.
Frantziskok, Urbi eta Orbi (hiriari eta munduari) bedeinkapena eman du gaur goizean Erroman, eta fedeagatik jazarriak izan diren herritar guztiei zuzendu zaie; bereziki, "misiolariei eta bahitu arren leialak direnei". Halaber, mundu osoko haurrentzat hitz batzuk izan ditu, bereziki "abandonatuak eta indarkeriaren ondorioz sufritu dutenenentzat".
Aita santuak, munduan gaur egun bizi den “indarkeria” salatu du, eta Ekialde Hurbileko gatazka bortitzetan kolpatuak izaten ari diren herriak izan ditu hizpide: Siria, Libano, Lur Santua, Yemen eta Irak. Horrez gain, Venezuelan, Ukrainan, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Afrikako beste hainbat herrialdetan bizi dituzten gatazka politiko eta sozialak gogora ekarri ditu. Halaber, batez ere Burkina Fason, Malin eta Nigerian "muturreko taldeek egindako erasoen biktima" izan diren herritar guztiak ere aipatu ditu aita santuak.
Urtero bezala, pontifizeak urteko gai garrantzitsuenen zerrenda egin du, eta Ekialde Hurbila aipatuz hasi du egoera geopolitikoaren azterketa hori. Siriari dagokionez, "hamarkada honetan herrialdea urratu duten" liskarrak bertan behera ez uztea deitoratu du, eta borondate oneko gizonen, agintarien eta nazioarteko komunitatearen kontzientziei egin die aipamen, denon artean "segurtasuna eta bizikidetza baketsua bermatuko duten irtenbideak" aurkitzeko.
Lur Santuari dagokionez, "nekeak jota ere, baina etsi gabe, bake, segurtasun eta oparotasun egunen alde daudenen zain" dagoela esan du. Halaber, Irak eta Yemen bezalako herrialdeetan herritarrek bizi duten “gatazka sozialaren aurrean”, Kristo “kontsolamendu" izatea eskatu du Frantziskok.
Gainera, Latinoamerikako hainbat herrialdetan "asaldura sozial eta politikoen garaia" igarotzen ari direla deitoratu du. Zehazki, Venezuelak bizi dituen "tentsio politiko eta sozialak luzarokoak” direla esan du, eta "behar duen laguntza" ematea eskatu du. "Justizia eta adiskidetzea bultzatzeko egiten ari direnen ahaleginak bedeinka ditzala, eta pertsona bakoitzaren duintasuna iraintzen duten hainbat krisi eta txirotasun-mota atzean utz ditzala", gaineratu du.