Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Alberto Surio: 'Eredu publikoaz hausnartu behar dugu'
EITBren zuzendari nagusiak azpimarratu du kontratu merkantilak dituzten langileen egoera arautzeko lanean ari direla eta horretarako Eusko Jaurlaritzarekin Lan Eskaintza Publiko bat adostuko dutela.
Erredakzioa
Alberto Surio Euskal Irrati Telebistaren (EITB) zuzendari nagusiak "eredu publikoaz hausnarketa" egiteko beharra azpimarratu du "krisi" testuinguru honetan, izan ere, "agian inoiz ez gara lehengora itzuliko".
Erakunde publikoaren zuzendariak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, agintaldiko lehenengo bi urteetan "ekaitz perfektua" pairatu du bi arrazoi nagusirengatik: digitalizazioa eta krisi ekonomikoa.
Suriok esan du "digitalizazioaren iraultza teknologikoak eragin duen audientzia zatiketa" jasan duela EITBk, "kaltetuenak kate autonomikoak" izan direlako. Gainera, "kontsumo ohiturak" ere aldatu egin direla uste du.
Ekonomia krisiari dagokionez, EITBren zuzendari nagusiak aitortu du baliabideak murriztu egin direla eta "agian" ez dela "egoeraren araberako" murrizketa bat soilik izango, beraz, "eredu publikoaz hausnarketa egiteko beharra" azpimarratu du. Dena dela, baliabide murrizketa horrek "EITBren bizkarrezurrari, edukien sorkuntzari, kalterik ez egitea" izango omen dute helburu.
Suriok argitu du "aurrekontuen balizko murrizketak zehazteke" daudela, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari direlako oraindik. Erakunde publikoak "egonkortasun ekonomikoa" behar duela gaineratu du.
Lan Eskaintza Publikoa
EITBren zuzendariak jakinarazi du kontratu merkantilak zituzten langileen egoera arautzeko lanean dihardutela eta, horri begira, Eusko Jaurlaritzarekin Lan Eskaintza Publiko bat abiatzeko negoziaketetan murgilduta daudela.
Borroka politikotik kanpo
Alberto Suriok "arduratsu" jokatzeko deia egin die politikariei, erakundearen kudeaketaren inguruan "desadostasunak" egon daitezkeen arrean, EITBk "borroka alderdikoitik kanpo" egon behar duelakoan.
Berdintasuna
Bestalde, Suriok gogorarazi du atzoko Administrazio Kontseiluan generoen berdintasunerako plan bat aurkeztu zuela "kolaborazioetan berdintasuna bermatzeko irizpideak ezartzeko" eta alor horretan "kate publikoen abangoardian" daudela esan du.
Mapa politiko berria
Maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean osatutako mapa politiko berriaz galdetuta, protagonismoa "terrorismoaren eta indarkeriaren amaiera iristeko itxaropenarena" dela adierazi du, "esperantza handia" dagoelako. "Bake agertoki hori nola eraikitzen den izango da garrantzitsuena, indarkeriaren eta intolerantziaren zauriak sendatu behar dira", gaineratu du.
Donostia, kultur hiriburu
EITBren zuzendaria gustura agertu da Donostiari egokitu zaiolako 2016an Europako Kultur Hiriburu izatea. Euskal Irrati Telebistak "Europako kultur hiriburuaren leiho" izateko duen konpromisoa berretsi du.