Gizartea -
Hizkuntza
Emojiak eta emotikonoak urteko hitzak izendatu ditu Fundeuk
Fundeuk azaldu duenez, "emojiak eta emotikonoak dira hizkuntzen azken helburua lortzen laguntzen duten beste elementu bat: pertsonen arteko komunikazioa".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emojiak eta emotikoak urteko hitzak izendatu ditu EFE Agentziak eta BBVAk sustatutako Gaztelania Urgentearen Fundazioak.
2013an 'eskratxe' aukeratu zuten, 2014an 'selfi', 2015ean 'errefuxiatu', 2016an 'populismoa', 2017an 'aporafobia', eta 2018an 'mikroplastikoa'. Oraingoan, berriz, komunikazioan erabiltzen diren sinbolo txiki horiek saritu nahi izan ditu Fundeuk.
Emotikonoak eta emojiak (eta horien barianteak: bitmojiak, memojiak, animojiak…) gure eguneroko komunikazioaren parte dira eta, erabiltzen hasi ginenetik, mezularitza-aplikazioetatik haratago, esparru berriak bereganatzen ari dira, Fundeu BBVAk ohar baten bidez azaldu duenez.
Gure eguneroko bizitzan duten eraginagatik, komunikazioaren gainerako elementuekin sortzen diren harreman interesgarriengatik eta etorkizunera begira dakartzatenagatik 'urteko hitzak' izendatu ditu Fundeuk.
"Emotikonoek eta emojiek ez gaituzte hitzak lapurtuko, edo gure hizkuntza galbideratuko, garai bakoitzera eta teknologia berrietara egokitzeko gaitasuna mendez erakutsi baitu", adierazi du Javier Lascurain Fundeu BBVAko koordinadore nagusiak, "emojiak eta emotikonoak dira hizkuntzen azken helburua lortzen laguntzen duten beste elementu bat: pertsonen arteko komunikazioa".